Azkoitiko Pilotari Eguna antolatzen duen Txulue pilota elkarteak gaur, asteartea, jakinarazi du 2025. urteko festa egunaren egitaraua. Ekainaren 7an, larunbatez, ospatuko dute bederatzigarrenez Pilotari Eguna, eta aurreko urteetako egitarauaren bidetik, bi eguneko festa antolatu dute, nola ez, pilotarekin uztartuta.
Ostiralean, egunaren bezperan, hasiko dira festa girotzen. Iaz bezala, Pilotari Txiki Eguna izango da hura, eta 17:00etan hasita, aurrena, umeentzako jolasak egingo dituzte. 18:00etan, berriz, Oteiza pilota elkarteko gazteen pilota partida izango da Kontzejupean, eta horiek amaitu bezain laster, 19:00etan, hitzaldia izango da Portaleburun. Axier Arteaga pilotari ohiak eta Iñaki Artola pilotariak beraien profesional mailako esperientziez eta bizipenez hitz egingo dute orduan.
Pilotari Egunean ere haur, gazte nahiz helduentzako ekintzak izango dira; egun osoan zehar, gainera. 11:30ean hasiko dute eguna, txistulariek lagundutako erraldoien eta buruhandien kalejirarekin. 12:00etan, hitzordu bat baino gehiago pilatuko dira plazan: batetik, goi mailako emakumeen binakako pilota partida jokatuko dute: Eneritz Arrieta azkoitiarrak eta Bikendik osatuko dute bikote bat, eta Aranburuk eta Orbegozok, bestea. Eingo musika taldearen kalejira ere ordu berean hasiko da, baita pilota egile baten erakustaldia ere.
Egun nagusia ekainaren 7an egingo badute ere, Txulue elkartekoek asteak daramatzate, pilota txapelketen aitzakian, Kontzejupearen bueltan jendea elkartzen. Hain justu, eguneko lehen finala bazkal aurretik jokatuko dute. 12:30ean hasita, gizonen bi eta erdiko txapelketaren finala jokatuko dute Iraitzek eta Xomorrok. Finalaren osterako utziko dute, bestalde, egunari hasiera emango dion ekitaldi ofiziala. Txulue pilota elkarteak tapiatarrak omenduko ditu aurten, haien dinastiako kideek izango dute-eta Kontzejupean jaia hasteko pilotakada botatzeko ohorea. Eguerdira arteko egitaraua osatzeko, berriz, pilotazale bat baino gehiagok ikusi nahiko lukeen binakako partida antolatu dute Txuluekoek: Xabier Andreu azkoitiarrak eta Mikel Goñi Goñi II.ak osatuko dute bikote bat, eta Oinatz Bengoetxeak Bengoetxea VI.ak eta Aitor Goenaga azkoitiarrak, bestea.
Arratsaldean ere izango da festarako arrazoirik. 16:00etan, Skapaie elektrotxarangarekin hasiko da festa herriko plazan, eta 18:00etara bitartean, Alde Zaharrean zehar ibiliko da taldea herritarrak dantzan jarri asmoz. 18:00etan, berriz, aurtengo urteko berrikuntzetako baten txanda helduko da: Balda plazatik herriko plazara kalejiran joango dira herritarrak, urte askoan Azkoitiaren garaipen-oihua izan den Aliron juntadizoa eginda. Jendea plazan pilatzen denean jokatuko dituzte, azkenik, gizonen eta emakumeen binakako txapelketaren finalak; 18:30ean izango da emakumeena, eta 19:00etan, gizonena. Partida guztiak jokatzen dituztenean banatuko dituzte final guztietako sariak, eta hala, Pilotari Egunerako antolatutako egitaraua itxiko dute.
Hona hemen aurtengo egitaraua:
Ostirala, ekainak 6, Pilotari Txiki Eguna:
- 17:00. Umeentzako jolasak, plazan.
- 18:00. Oteiza pilota elkarteko gazteen partida, Kontzejupean.
- 19:00-20:00. Axier Arteaga pilotari ohiaren eta Iñaki Artola pilotariaren hitzaldia, Kontzejupean.
Zapatua, ekainak 7, Pilotari Eguna:
- 11:30. Txistulariek lagundutako erraldoien eta buruhandien kalejira.
- 12:00. Pilota egile baten erakustaldia plazan.
- 12:00. Eingo taldearen kalejira herriko kaleetan.
- 12:00. Goi mailako emakumeen pilota partida, Kontzejupean: Arrieta-Bikendi eta Aranburu-Orbegozo.
- 12:30. Gizonen bi eta erdiko txapelketaren finala, Kontzejupean.
- 13:00. Tapiatarrei omenaldia eta pilotakada, Kontzejupean.
- 13:30. Goi mailako gizonen pilota partida, Kontzejupean: Andreu-Mikel Goñi eta Bengoetxea VI.a-Goenaga
- 16:00. Skapaie elektrotxarangarekin festa herriko plazatik hasita.
- 18:00. Aliron juntadizoa, Balda plazatik Kontzejupera.
- 18:30. Emakumeen binakako txapelketaren finala, Kontzejupean.
- 19:00. Gizonen binakako txapelketaren finala, Kontzejupean.
- Ondoren, sari banaketa ekitaldia.