Aurreko urtean herritar talde bat osatu eta jaiotza berezi bat prestatu genuen herriko elizan, hain zuzen, bost urtetan Etxe Beltzen muntatu zen jaiotza bera, 2004. urtera arte eta hainbat arazo tarteko hamabi urtean desmuntatu eta Santa Klarako komentuan gordeta zegoena.
Lan handia hartu genuen, zati asko galduta eta beste batzuk puskatuta aurkitu genituen eta. Azkeneko aldiz prestatu zela kontuan hartuta, hau da 2.004. urtean,ez zen erraza izan gogoratzea nola muntatu behar genuen ere. Zati berriak ere egin genituen eta ilusioz beteta ekin genion lanari. Lehenengo lan egunak Udalak eta Santa Klarako mojak utzitako lokaletan pasa genituen, geroago, eliza barruan amaitzeko lanak. Herriko hainbait enpresaren laguntza jaso genuen eta Udalak diru laguntza emateaz gain, Udal Brigadako langileak ere aritu ziren gurekin. Ordu asko pasa lanean, zalantza asko argitu, arazo ugari gainditu eta gero, Gabon bezperan eman genion ofizialki hasiera gure jaiotzari.
Inagurazio egunean hedabide ugari hurbildu zen honen berri emateko: Maxixatzen, Hitza, Noticias de Gipuzkoa, El Diario Vasco… Udaleko ordezkariak ere han izan ziren. Santa Klara eta Santa Krutzeko mojak ere gonbidatutazeudeneta herritar batzuk ere agertu ziren.
Jaiotzak izugarrizko arrakasta izan zuen, 7.000 lagunetik gora izan ziren bertaratu zirenak eta oso kritika onak jaso zituen eta herritar bat baino gehiagoren aurpegian nabardu genuen emozioak sortutako malkotxoren bat. Inguruko herrietatik etorritakoak ere izan ziren. Denen ahoetatik hitz goxoak besterik ez genituen entzun.
Errege eguna pasa eta laster, hasi ginen jaiotza desmuntatzen, paketeak egin zati bakoitzarekin eta hauek denak zenbatu eta ahal zen txukunena, berriz ere Udaleko langileen laguntzarekin, Santa Klarako komentura eraman genuen, han egon zedin, datorren urtera arte.
Eta aurtengo Gabonak gerturatzen ari direnean ikusi dut, nire harridurarako, beste jaiotza bat muntatzen hasiak direla eliz parrokian. Lan horretan ez dira ari gure taldekoak. Nola ariko dira ba ez dakigu eta ezertxo ere honi buruz! Lehengo urtekoa alde batera utzi eta jaiotza berri bat? Zergatik ez lehengoa?. Ez al zen ba azkoitiarren gustukoa? Aurreko urteko jaiotza egiten gastatutako dirua pikutara? Non gelditzen dira lehengo urteko lan orduak? Eta lan horretan ipini genuen ilusioa?
Aurreko urteko jaiotza herritar talde batek egin zuen, beste herritar batzuen laguntzarekin eta herritarrentzat. Nire ustez elizako arduradunek azalpen bat eman behar liokete herriari hartu duten erabakiaren arrazoiak argitzeko, hau da, zergatik aurten jaiotza berri batmuntatzen ari diren lehengo urtekoa hor egonda. Nik behintzat gustura jasoko nuke.
Ondo pasau Gabonak.