Parrokiko jaiotza aurkeztu dute, 12 urtez gordeta eduki ondoren

Maxixatzen.eus 2016ko abe. 20a, 21:55

Jaiotzaren aurkezpenean izan dira Udaleko ordezkariak, jaiotzaren egileak eta sortzaileen alargunak, besteak beste.

Bost urtez, 1999tik 2004ra, Etxe Beltz jauregian ikusgai egon zen jaiotza berreskuratu dute, eta aurten, aurreneko aldiz, parrokian ipini dute, boluntario talde batek zenbait moldaketa eginda. Hilaren 23tik aurrera, ikusgai egongo da jaiotza herritar guztientzat: goizetan, asteburuetan bakarrik, 10:00etatik 12:30era eta arratsaldetan, egunero, 17:00etatik 19:30era.

 

Duela 16 urte eraiki zuten jaiotza aurreneko aldiz, honako azkoitiar hauek: Miguel Sasieta, eta jada gure artean ez dauden, Julen Juaristi, Jose Mari Aldalur eta Joxe Azkue. Eta bide batez, gaurko aurkezpena aprobetxatu dute sortzaileak eta haien alargunak omentzeko: Urrategi Garate (Joxe Azkueren alarguna), Maria Nievez Larrañaga (Jose Mari Aldalurren alarguna) eta Feli Arrieta (Julen Juaristiren alarguna).

Sortzaile haiekin geroxeago hasi ziren kolaboratzen Jesus Larrañaga, Juan Mari Arruabarrena, Manuel Tamayo, Juan Kruz Conde, Mari Tamayo eta Angel Vallejo. Eta aurten hauek gehitu zaizkie: Jose Luis Urmeneta, Javier Mari Beristain, Angel Mari Arenas, Jose Mari Larrañaga eta Jose Mari Peña. Hilabeteetan jardun du boluntario talde horrek jaiotza eraikitzen eta zenbait moldaketa egiten. 

Jaiotzan garai bateko Azkoitia irudikatu dute, eta irudi guztiak eskuz eginda daude. Gainera, egunaren ziklo osoa ikusten da: egunak argitzen duenetik iluntzen duen arteko aldaketa guztiak islatu dituzte.

2004tik Santakruzeko eta Santa Klarako komentuan gorde izan dituzte jaiotzako elementuak, eta esker gisa hango lekaimeak ere atzoko aurkezpenera gonbidatu zituzten. 

Bestalde, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuko Bake Ituna proiektuaren baitan, Mitra Farahani artistaren bi muralak ikusteko aukera izango dute jaiotza ikustera parrokira gerturatzen direnek. Izan ere, Farahani artistak betirako Azkoitiko parrokiarentzako eskaini ditu bere lanak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide