Bi Reality

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Aranbarri 2021ko urt. 18a, 07:50

Iñigo Aranbarri.

Iñigo Aranbarrik 'Berria' egunkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Bi Reality'.

Bi reality, ezer gutxi biek errealetik. Batean, beragatik espero dena egiten euskalduna. Eta ez da euskaraz egitea. Erne, eman begia pantailari gaur iluntzean: «Nataliak botaka egingo bigarren atalean. Zergatik?». Berriro ere, baserritarra ez baita deus baserritar izatera jarritako kaletarrik gabe. Ustezko lehian, betiereko kitscha betikoen lepotik. Eguna joan eta eguna etorri mamitzen diren imajinarioaz aritu da Karmen Zabaleta Twitterren, eta ez du Nataliaren gomitularria kezka: «Twitterren, eta bestela ere, sinbologia oso bat dago euskararen inguruan: baserria, aziendak, mendia… irudi horiek arrotzak dira hirian bizi den jendearentzat, hiri bateko periferiako langile batentzat. Ez da bere espazioa, ez eta bere errealitatea».

Bestean, bertako mendi ttattar eta pentze muskerrak aski ez eta haraindira daramate lehiakidea. Handiagoa behar da abentura eta handiagoa, hagitzez, konkistatu beharreko mundua. Horrexegatik dago simaur usaineko herri honetatik atera beharra, eta horrexegatik bozatzen da hizkuntza txikia, besteak esango zukeen gisa, «jende gehiagorengana heltzeko». Behar da, ordea, Elkanorena jotzeko badarik ere, nondarrak garen agertu, mintzoagatik auzokoekin nahas ez gaitzaten. Bada ordezkatze horretan arazotxo bat, konpontzen zaila ez dena. Erabiliko ez duen elea baino sakonago, urrunago, gorago harrotuko du irabazleak. Juan Luis Zabalak jo du ituan ostera ere: «Norena da ikurrin hori? Nirea ez behintzat».

Berria egunkariak argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide