Higienea

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Aranbarri 2020ko aza. 9a, 11:38

Iñigo Aranbarri.

Iñigo Aranbarrik Berria egunkarian idatzitako iritzi artikulua: Higienea.

Egunotan, aita zenari gustura entzuten nion pasadizo batek hartu dit gogoa. Kontatzen zuen nola behin, Urolako trenean zetorrela, bi gizon nagusi entzun zituen solasean, Hitlerrek zer adin izango ote zuen. Batak, beharbada hilda egongo zela zioen; besteak, zaharra behar zuela derrigorrez, kargu handia zuela berak soldadutza egin zuen garaian. Hitlerrek ordurako 35 urtez goiti zeraman harrak gobernatzen.

Antzeko istorioa irakurri berri diot Alberto Savinio, Giorgio de Chiricoren anaia margolari, musikari eta idazleari. Kontatzen du Saviniok, behin, Lucca aldean zebilela, nola ikusi zuen gazte bat bizikletan, freskagarriak saltzen ari zen emakume batengana jo eta esaten: «Hitler hil omen da!». Emakumeak berean segitu zuen, zirkinik egin gabe. Hiruzpalau aldiz errepikatu zion gazteak ahoz aho zebilen berria, baina soraio arraio saltzailea. Belozipedodunak eta idazleak elkarri begiratu eta atoan epaia: emakumeak ez zekien nor zen Hitler. Eta Lucca eta Versilia ingurua ez zen basamortua, Italiako lurralde ilustratuenetarik baizik.

Saviniok hipotesia botatzen du: higieneagatik zion ukatua izatea bera Hitlerri. Eta akordatzen da nola, urte mordo bat lehenago, bera ere saiatu zen elkarte bat sortzen, non bertako bazkideek hitz emango zuten ez zutela Mussoliniren gaineko deus jakingo.

Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide