Pacasmayo zain-erre zebilen Limako El Sexto kartzelan. Xakea egiten ari zen, ogi mamiz osatuko zituen figurak. Gauza bat zuen argi, irudiek ezin zuten armada arrotz bat sinbolizatu. Eta hala obratu zuen papur bustiz Inka handi bat, Erregea izango zena. Eta Koia bat, Erreginaren ordain. Eta pucarak, dorre europarren partez. Zaldiarekin sortu zitzaion kezka. Zer animalia aukeratu behar zuen?
Llama otzanegia zen, ezin joan daiteke konkistatzaileen kontra zamarako animalia polit batekin. Iritzia eskatu zuen. Prieto deituriko batek kondorra proposatu zion, osterantzeko piezen gainetik pasatzeko duen ahalmenagatik. Egokiagoa iritzi zion Camac meatzari sindikalistarenari. Hurrengo egunetan, guztiek egin zituzten senperrenak puma baten argazki ganorazko bat lortzeko. Turista bati osteagatik bost urteko zigorra betetzen ari zen menditar batek ekarri zion erasokorrena zirudiena. Harkaitz gainean zituen atzeko hankak, eta airean aurrekoak erpetuta, belarriak atzerantz eta ahutzak zabalik.
'Berria' egunkariak argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.