Nola ez, Borboienpeko Euskal Herrira ere heldu dira Antena 3ko infogramak harrotu dituen hautsak. Mediterraneo hegian, Murtziako mapa baten gainean, bi zenbaki. «9 immigrante» irakurtzen da goikoan; «70 pertsona» behekoan. Koronabirus kasuen pizteaz ari dira, baina txilar iharrak baino errazago hartu du jendeak sua. Zer den hori, immigranteak eta pertsonak bereiztea. Noiztik ez diren batzuk besteak eta besteak batzuk. Eskola zaharra du berrimodu honek. Urrun gabe, Gipuzkoan gehien saltzen den egunkariak aspaldi atera zuen albistea: «Istripua mugan: bi pertsona hilik eta hiru marokoar zaurituta». Barka eskean atera behar izan du telebista kateak, desegokia izan dela gertatua emateko modua, akats handia grafikoa.
Okerrena, baina, ahotsa jarriz gero agertzen da: «Cartagenatik ihes egin zuten bederatzi immigranteetako hiruren bila jarraitzen dute. Azken orduetan, 70 pertsona heldu dira pateretan eskualdera». Egongo da lasaituko denik pentsatuta okerra grafikoa dela, baina berez, ez dela ezer larririk esan, 70 pertsona horien barruan baitaude 9 horiek. Ni, ostera, infogramak baino kazetariaren fokuak izutu nau. 9 immigrante ihesi, hiruren bila oraindik… COVID-19a dela gaia, erraz ulertzen da 9 horiek direla arazoa, kutsatuta daudelako. Baina igo dezagun bolumena: «70 horietatik bik eman dute positibo, eta ospitalean daude».
Berria egunkariak argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.