Ez zen kasualitatea izan Abascal zaldi gainekoak Covadonga aukeratu izana hautes-kanpainari hasiera emateko. Alfontso III.aren kronikei esker dakigu bertan garaitu zituztela Pelayo asturiar buruzagiaren tropek Al Andalusekoak 722an. Besterik da interpretazioa. Espainiar historiografia sinbolikoarentzat, hori izan zen Errekonkistaren hasiera, Espainiak «Islamak ebatsitako lurrak» berreskuratzeko burutu zuen ia zazpi mendeko borrokarena. Kontua da, ordea, ez zela Espainiarik Erdi Aroan, eta beraz, nekez egin zezakeela Pelayok orduan existitzen ez zen kontzeptu baten alde ez bada ondorengoek manipulatua.
Beste horrenbeste gertatu da El Cidekin. Ia hogei urteko ikerketaren emaitza argitaratu berri du David Porrinas historian doktoreak esateko, zer eta, hezur-haragizko Rodrigo Diaz de Vivar hark deus gutxi zuela interes aberkoiek moldaturiko mitotik. Alegia, asmamen hutsean dagoela oinarritua Erdi Aroko liburu lehena eta zaldunari mendez mende ezarritako gainzama guztia.
Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua. Jarraitu irakurtzen.