Lurra aski tolesten denetan, ez da aukerarik galdu hilerriak bizidunengandik aparteko gainetan egiteko. Eta bertan nabilela, orain ez aspaldi arte kalean ondoan izan ditudanen izen-argazkien artean, historiak arrastaka eraman dituen urteek naute zafratzen. Hemen dago gozo zaindu izan nauen herria; hemen bihotz-begietaraino amorrarazi izan nauena, balio batzuk eman eta beste batzuk gorrotarazi dizkidana. Hemen urteetako bizikizunak eta gatazkak lurpetik hizketan, ohean bakean hil direnak eta odoletan kalean edota fabrikako zoruaren gainean, lorez jantzita gehienak egunotan.
Hemen diren denek sentitu dute nola astindu dituen bizitzea egokitu zaien garaiak. Berak ere izan ziren inoiz tarteka zoriontsuak estimatu izan zuten jendearekin, berak ere goibeldu egin zituen ezbeharrak, artegatu beldurrak. Funanbulista izan ziren nekearen eta seguru bizi-nahiaren harian. Batzuek, beren buruari gehiegi begiratu gabe, jendarte hobe baten alde eman zuten zirena.
Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.