Gertaera bat, ez arazo bat. Gertaera puntual bat denboraren ardatzean, egunak joan ahala xeheki ezagutu duguna: izena, familia, etxea, eskola, herria. Eta hala egiten du albisteak begiarena, luparena, mikroskopioarena. Ezin gertuago dugu orain, hain gertu non jasanezina zaigun mina. Nola ager liteke inor sor, soraio, odolgabe gertaera larri honen aurrean. Ume bat zulo batean. Zuloan kabitzen ez den ume bat zulo batean. Eta denboraren hondeamakina umea bizirik aurkitzearen esperantzaren kontra, gurasoen, herriaren, ikusleen herioa albistegiz albistegi. Denok gara Julen. Denona da Julen.
Ez gara Espainia, baina Telecincon bizi gara ETB ikusten dugunean ere, La 1n bizi gara, La 2en, Antena 3n, Cuatron, Sextan, zenbaki guztiak ditugu beharrezko sufrikarioa azaltzeko, aurpegia jartzeko gurasoen etsipenari, lagunen xalotasunari, asturiar meatzarien gogo heroikoari. Eta egunak gehiegi direlarik, ausartu ere egin gara iritzia ematen. Honezkero hilik dago. Esperantzari leiho bat. Thailandia, Txile,hemerotekako adibideak. Trabes etsiak ahopean. Eutsi, Julen.