Martin Ugalderen biografia hari esker izan genuen gure belaunaldikook Lezo Urreiztietaren berri. Gerrako galtzaileengandik heldu zitzaigun paketean, bidean galdu zirenetako bat zen Agirreren gobernuarentzat armak lortu zituen gizona. Kontrabandista, abertzale heterodoxoa, eginbehartarra izan zen, batez ere, Urreiztieta, geldian ez egoteko jaioa. Pertsonaia ezagutu genuenean, bazegoen ahal genuen guztietan kontatzen genuen pasarte bat. Frankismoaren hondamendiarekin jota, aurkitu zuela Mexikoko kostan irla bat zioen, bertan eraikitzeko Euzkadi berria, euskaraz baino hitz egingo ez zen babestokia. Txistea, berehala dator, Urreiztietak ez baitzekien. «Eta zuk, zer egingo duzu, Lezo?» galdetzen zioten orduan. «Nik? Isilik egon».