Non, edonon izan liteke, izan medikuaren kontsultan, zinemarako sarreran edo errepideko kontrol batean gauzkatela. Baina berdin gerta dakiguke lantokian, lagun artean edota familiaren gozoan, ustez aterpean gaudela. Darabilgun hizkuntzak berak salatzen gaitu, euskaldunak euskaraz egiten baitu ustez eroso dagoenean. Eta horra non ekin orduko hasten diren komentario zakarrak (ez ezak esajeratu), baztertze-mekanikak (biktimismorik ez, txikito), eta txiste baldarrak (har itzak gauzak umorez, moteil). Egunero, edonon. Zergatik eta, aurrean dugunari Jainkoak berak eman ziolako sortu eta batera, Moisesi Sinai tontorrean ditxosozko taulak bezalaxe, gurearen gainetiko hizkuntza bat.