Hori dute eslogan politikoek. Sarri askotan beste inon zikinduta datoz, beste bide batzuk urratu dituzte gurera heldu aurretik. Horrexegatik, ez dakit inori damutu ote zaion dagoeneko Sabin Etxean «Lehenik Euskadi» leloa aukeratu izana jendearen pizgarri gaur zortziko hauteskundeetarako. Izan ere, denborak nahi izan du kanpainan bat egitea Donald Trumpekin eta bere «Lehenik Amerika» dontsuarekin. Kasualitateak eman dio errematea. Jo Cox parlamentari laboristaren hiltzaileak deidar berarekin ekin dio erasoari: «Britain First!». Argitu ere argitu zaigu egunotan Britain First eskuin muturreko alderdi baten izena ere badela.