Hiztegiarekin ari naiz: Médecins Sans Frontières, Engineers Whitout Borders, Technik ohne Grenzen. Garai bateko gaizki-eginaren ordain-nahia? Auskalo zein diren kontzientzia kolektiboaren bidatzak. Salaketak gorabehera, borondatezko lana nolanahi ere behartsuenei laguntzeko. Mugarik gabeko basozainak eta abokatuak. Arbelak eta irribarreak zedarrien gaindi, maixu-maistrak eta pailazoak, suhiltzaileak mugarik gabe, eta edonon gizakiak asmatu, eraiki eta zaindutako mugak desagertarazteko, magoak, geologoak eta psikologoak. Lana, lana eta lana inor baztertzeke bere arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik edo ideia politikoengatik. Mugarik gabeak psikiatrak, haginlariak eta botikariak. Harresi-zelulak usteldu arte mugak zulatzen dituzten onkologoak eta konpasik gabeko mundu globala diseinatzen urbanistak.