Horra gizona bere bakardadean adinaren talaiatik begira historiari, kobratu dituenak bazter uzten baditugu, gaztetasuna eta gaztaroa benetan sinesten zuen kausa bati eman ostean. Merezi izan du? Unibertsala den galdera, XX. mendean Alemaniako armaden kontra aritu zirenena, zertarako hainbeste milioi hildako gero bentzutua ikusteko Europan nagusi; Jaraman Madrileko defentsan aritu zirenena, no pasaran!, baina pasatu ziren, eta noraino; belaunaldiz belaunaldi etsaiaren aitzi gora Euskadika joan diren guztiena, zertarako eta honetarako.
Agian galdera bera dago oker, ezen unean uneko hautuak egiten gaitu garena, ez epikan soilik, eta horrek ez du bueltarik, ezin liteke etorkizunetik osatu iragana. Besoak antxumatuta gelditzea ez da baleko aukera mundua bueltaka dabilela. Eta egia, hamaika azpildura zoragarri du historiak.