Hatz txikerra

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Aranbarri 2015ko urr. 12a, 14:54

Giza perfekzioaren gailurra da hatz txikerra, eri xingila, atzamar ttipia. Ez berez ataletan ederrena delako, ezpada hatz txikerrarekin amaitu egiten delako obra. Pastelaren ginga da, Giraldilla Habanako Real Fuerzako gaztelu puntan, bateko urrea karta-multzoan. Hori gabe, zerbait falta. Eta osotasuna, esan gabe doa, lasaigarri ederra da.

Emiliano Zapata tiroz josten dutelarik Jesus Guajardoren etxe sarreran antolaturiko segadan, berehala erakutsiko da gorpua. Burua hil badizuegu, zer zentzu du zuen borrokak, etsi ezazue, eman amore, ez daukazue zer eginik. Jendea atoan hasi zen zurrumurruka, ordea: «Zapata ez dago hila, azokaz azoka dabil ontzi-saltzaile, halakotan ikusi omen dute» batek; «zera hilko zuten, Hungariara ihes egin du barren!» besteak. Agustin Casasolak difuntuari egin dion argazkiak dantzan jarri ditu mihiak: «Zapata ez zen hain lodia», «orbantxo bat zuen aurpegian». Ziria sartu nahi izan diete gezurretako hildakoarekin: «honek atzamar guztiak ditu, eta Zapatak hatz txikerra falta zuen!».

Jose Francisco Telleria, Petrikillo, bazen nor XIX. mende hatsarrean. Ez zuen titulurik, baina medikuek sendatu ezin zituztenak sendatzen zituela esaten da. Ez zioten barkatu. Madrilera deitu zuten, eta hezur pila bat erakutsi mahai baten gainean. Egin beharrekoa, hezur guztiak antolatu giza itxura eman arte. Diotenez, nahikoa izan zuen begiratu bat ematea konturatzeko: «ezin egin daiteke diozuena, hemen hatz txikerra falta da!».

Perfekzioaren ukazio delako bihurtu zait menturaz hatz txikerraren kontu hau berebiziko ardura. Eta hala doazkit egunak eta gauak, eri xingilaren martingala topatu nahian gertaeren tolesduretan, hatz hori, edo hatz horren falta bera boterearen logika itxura batean betea seinalatzen, erakusten non egiten duen huts, Filipe Luroren esku lehertutik erauzitako eri ttipiak bezala.

Hatzik gabeko hatza bide erakusle...

[Zutabe hau Berrian argitaratu da eta webgune horren lizentziari esker ekarri dugu Maxixatzenera]

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide