Kamioiak dioena

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Aranbarri 2015ko urr. 6a, 10:29

Zisterna-kamioi bat Irakeko mugetako batean geldirik, eguzki galdatan. Presaka sartu da gidaria bulegoan, aduanakoak paperak sina diezaizkion. Zazpi minutu ditu, baina jolasti dabil mugazaina kamioizalearekin; zenbat eta urduriago bata, lainezak hartuago bestea. Atera denerako, pentsatu baino ordu laurden gehiago eman du. Mugatik urrundu eta batera gelditu da, igo da zisternara, goiko atetxoa zabaldu eta oihu egin du barrenera: «Asad! Asad!» Larritasunezko lamara batek hartzen du irakurlea Gasan Kanafani palestinarraren Gizonak eguzkitan nobela irakurtzen ari dela.

Bizitza literaturari laguntzera datorrela, ez da berria. Hilabete da 71 gizon emakume haur agertu zirela Austriako errepide bazter batean, halaxe, beroak itota. Heriotza lau gurpilen gainean, elkarren gainean pilatuta. Ikuskizun itsusi bat nolanahi ere. Asteon, hiru kurdu atera dituzte larri beste kamioi batetik Hernaniko gasolindegi batean. Izua hemen. Beroak ez, hotzak hilko zituen beste pixkatean segitzera.

Bertan denean, denak hartzen du bestelako dimentsioa. Ikuskizuna kezka bihurtzen da; zalantzak gaitzak dira. Zergatik hartzen dituzten horrelako arriskuak galdetuta, gerra okerragoa dela diote. Baina hainbeste diru, trafikatzaileen esku, jakin gabe helduko zaren... Eta orduan muturrekoa: «Dudarik gabe, merkeagoa genuke hegazkin komertzial batean heltzea. Bidaia ere, lasaiagoa litzateke. Eta erosoagoa».

Eta errukirako bai, baina ez dakit ironiarako gauden. Esan gabe esaten den horrek egiten baitigu min: zuek ia edonora irits zaitezkete pasaporte hutsarekin. Bisa eskatzen zaizuenean zer da ba gehienetan, diruz ordain dezakezuen zigilutxo bat baino. Eta bai, hitz ederra da elkartasuna, denok pertsona zerupe berean...

Bestela esanda: susmoa dut gosetuak oturuntza salatzen duen bezala salatzen dutela bide bazterretako kamioiek turismoa.

[Zutabe hau Berrian argitaratu da eta webgune horren lizentziari esker ekarri dugu Maxixatzenera]

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide