Erniarraitzek pasa den astean eman zion Bertsotruki bere hasiera. Bertsotruk Euskal Herriko Bertso Eskolen Batzordetik antolatutako ekimena da, eta Euskal Herri osoko bertso-eskolek hartuko dute parte bigarren urtez.
Aurtengoan Erniarraitzi Gasteizko Kakiturri bertso-eskola eta Durangaldeko bertso-eskola egokito zaizkio taldean, beraz, bakoitzarekin bina saio egin beharko ditu, bata kanpoan eta beste etxean.
Gasteiztarrek urriaren 12rako prestatu zuten lehenengo hitzordua Kakiturri elkartean. Guztira bi bertso-eskoletako 30 lagun inguru bildu ziren eta ederki bazkaldu ondoren Felipe Zelaietak gidatutako saioan Kakiturriko Asier Otamendik, Ricardo Gonzalez de Duranak eta Alberto Martinezek kantatu zuten. Erniarraitzen izenean aldiz, Beñat Lizaso, Asier Garate "Txibilter" eta Eneritz Artetxe aritu ziren.
Hurrengo topaketa Erniarraitzek antolatu beharko du Kakiturriko taldea etxean hartzeko.