Pasa den asteburuan izan ziren Lasturko aterpetxean Azkoitiko eta Azpeitiko bertso-eskoletako kideak Zestoako bertso-eskolako kideekin batera. Larunbat goizean hasi zen topaketa eta igande arratsaldera arte luzatu zen. Guztira 30 lagun inguru bildu ziren gaztetxo eta begiraleen artean eta asteburu bikaina pasa zuten.
Larunbatean elkartu eta ezagutza jolasak egin ondoren bisita berezia jaso zuten, izan ere, Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin bertso-bazkaria izan zuten. Ikasleek bi txapeldunei gaiak jarri, kantatutakoak entzun eta beraiekin kantatzeko aukera izan zuten.
Larunbat gauean berriz, ikasleek eurak prestatutako bertso, antzerki, esketx... aurkeztu ondoren egon zen lorik ez egiteko nahiko aitzakia. Hurrengo egunean ausartenak zezen txikiekin jolastu eta barre batzuk egin ondoren bazkaldu, dena garbitu eta etxerako bidea hartu zuten.
Aurtengoan ere bertso-eskolen arteko harremanak sortu eta indartzeko aukera paregabea izan da Lasturko txokoan. Oroitzapen politekin eta hurrengo topaketaren zain geratu dira bai gaztetxoak eta baita helduak ere.