Helduen bertso-eskolen arteko harremanak sustatu asmoz antolatu da Bertsotruk egitasmoa.
Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak jarri du abian eta 26 bertso-eskolek eman dute parte hartzeko izena. 26 bertso-eskola horien artean multzoak osatu dira, guztira 9 multzo (3 bertso-eskolako 8 multzo eta 2 bertso-eskolako multzo bat).
Bertso-eskola bakoitzak bere multzoko beste biak hartuko ditu etxean, eta beste bi herrietako bertso-eskolek antolatutako ekitaldietara joango da. Emanaldia edozein motatakoa izan daiteke: bertso-saio formala, bertso-bazkaria, bertso-antzerkia, bertso-jolasen bat...
2015eko azaroaren erdialdetik 2016ko maiatzaren bukaerara izango da Bertsotruk eta Erniarraitz Bertsozale Elkartea ere 26 bertso-eskola hauen barruan dago. Enkarterriko eta Ipar Euskal Herriko bertso-eskolekin batera egingo du bere zirkuitoa. Oraindik zehazteke dauden arren, laster emango da lagunarteko bertso saio hauen berri.