Goizeko 9:00etan Azpeitiko anbulatorio aurretik abiatu ziren berrogei lagun inguru eta lehendabiziko geldialdia Azpeitiko Kostite baserrian egin zuten. Bi baserri daude Kostiten eta lehenengoan Jose Mari Agirreren bertsoak abestu zituzten, bigarrenean aldiz, Frantzisko Mari Iturzaetarenak. Hurrengo geldialdia Saraberrin izan zen, Joxe Lizasoren bertsoak abestu eta hamarretako ederra eginez. Handik Txapelen baserri atarira joan ziren eta segidan Zepairen etxera. Etumetako taberna izan zen lekuan egin zuten bazkaltzera joan aurretik azken geldialdia, XX.mendeko bertsolari haiek igande arratsaldero bertsotan egiteko elkartzen ziren lekua bisitatzeko. Ibilaldiari amaiera Granada errekan eman zioten ia berrogeita hamar lagunek bazkari batekin, Basarriren jaiotetxean. Han ere ez zen bertsorik falta izan.