Azkoitiarrak berriro ere andramaixetan murgiltzera goaz, eta etxeetan dugu jai hauetako egitaraua. Azken urteetan, udaleko Herritarrak batzordean tratatzen da andramaixetako egitaraua. Batzorde horretan parte hartzen duten udaleko talde politikoek hainbat proposamen egin ditzakete, eta, horiez gain, herritarren proposamenak ere iritsi izan dira tarteka bertara. Esate baterako, aurtengo jaietan emakume pilotarien partidak egotea eta txupinazoa Azoka Plazako ekoizleek eta saltzaileek botatzea, besteak beste, gure udal taldeak proposatutakoak dira.
Baina, proposamen desberdinak jaso ondoren, udaleko alderdi nagusia da festa egitaraua osatuko duten jarduerei buruz erabakitzen duen talde bakarra. Erabakia hartu ondoren aurkezten zaie egitaraua udala osatzen duten beste taldeei eta azkoitiar guztiei. Horrela, naiz eta gero herritarrek festetako jardueretan modu desberdinean parte hartu, udalean ez da egon azken urteetan festetako egitaraua prestatzeko herritarren parte hartzea sustatzeko prozesurik edo deialdirik, eta horri lotuta dago aurtengo egitarauan ere ikus daitekeen ideia berrien eta aitzindarien falta, azaleko aldaketa batzuk besterik ez baitakartza. Betikoan gaude, beraz.
Azkoitiko EH Bilduren ustez, Azkoitiko jaien eredua birpentsatu beharra dago, eta, horretarako, jai horien antolatzaileek hainbat gairen inguruan hausnartu beharko lukete: zeri ematen zaio balioa festatan? Nor falta da festa lekuetan eta zergatik? Nola eta norentzat erabakitzen dira egitarauak? Herritarren zer parte hartze maila dago festatako ekintzetan? Ondo legoke herriko festen antolaketan parte hartzeko herritarrez eta bertako eragilez osatutako Jai Batzorde baten sortzea?
Azkoitiko EH Bilduk behar-beharrezkoa ikusten du udalak festa eredua berraztertzeko hausnarketa bultzatzea. Jai herrikoiak ez dira soilik ospakizun bat, festaren bitartez hainbat balio landu eta transmititu badaitezke, eta hori da gure nahia, nagia kendu eta imajinazioa astinduz, herriak eginikoak eta herriarentzat diren jai berritzaileak antolatzea. Izan ere, herriko jaiak eta jai herrikoiak ereduen tarteko talka gero eta agerikoagoa da, eta herritarren parte hartzeak izan behar du, bere zentzu zabalean, herriko jaien esentzia.
Andramaixetako aurrekontuari eta haren erabilerari dagokionez, aurrekontua 190.000 eurokoa izango dela aurreikusten da, eta horren herena baino gehiago, gaueko kontzertuetara zuzenduko da. Egia da, azken urteetan, udalaren aldetik ahalegina egin dela, gaueko kontzertuetatik haratago, kultur eskaintza egun osoko ekintzetara eta segmentu gehiagotara iristeko. Hori da bidea, egun osorako eta guztiontzako eskaintza osatzea, haurrei, gaurko gazteei zein atzoko gazteei zuzendutakoa.
Bestalde, festek gure izateko modua adierazi eta bizi garen gizarte honetarako nahi ditugun balioen ispilu izan behar dute. Ildo horretan, jai inklusiboak sustatzen jarraitu behar dugu, pertsona guztiek, beren gaitasunak, jatorria, generoa edo sexu orientazioa gora-behera, parte hartzeko eta eroso sentitzeko aukera izatea bermatuz. Helburu nagusia da guztiontzako giro abegikorra eta errespetuzkoa sortzea, jaiak aniztasunean eta berdintasunean bizitzea, non ez diren inolako erasoak onartuko, ez arrazistak, ez LGTBIfoboak, ezta matxistak ere.
Herriko jaiak antolatzerakoan kontuan eduki behar ditugun beste balio batzuk ere badira. Esate baterako, udalak ezin du animalien sufrimendua iraunarazten duten ikuskizunak finantzatzen jarraitu; kasu honetan, abuztuaren 18ko zezenak eta idi demak. Animaliekin errespetu osoa izango duten jaien aldeko aldarria da gurea. Gizartea animalien sufrimendurik gabeko jai eredu baterantz doa, eta Azkoitia ezin da atzean geratu. Balio moduan ikusten dugu, baita ere, udalbatzaren izaera laikoa eta akonfesionala, herritar bakoitzaren ordezkari den momentutik. Horregatik, lekuz kanpo ikusten dugu andramaixetan udal ordezkariak prozesioan herriko parrokiara joatea, herriko festak jarduera zibil gisa garatu behar baitira.
Andramaixek inertziaz eta tradizioz osatutako festak dira, eta, idatzi honen helburua da festa eredu horren inguruko eztabaida sortzea, modu berean segitzen baldin badugu sitsek jango baikaituzte eta lehengoa baino ez baitugu lortuko. Festa egitaraua prestatzeko lanetan, udalak herritarrekin harreman zuzenagoa eta estuagoa izan behar du, jaiak herria eraikitzeko beste tresna bat baitira, finean. Horregatik, zergatik ez sortu udalarekin eskutik hartuta joango den Festa Batzorde bat, jai egitaraua elkarlanean prestatzeko eta eratutako jardueretan herritarren inplikazio aktiboa eta parte hartze zuzena sustatzeko? Eta proba egitera ausartuko bagina? Horrela bada, gu ere hor izango gara gure ekarpena egiten. Ea guztion artean bideratzen dugun parte hartzean oinarritutako jai eredua.
Ondo pasau andramaixek!