Beittu!

24. Korrikaren abestia, plazako karilloian

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2026ko martxoaren 19a

Kultur Etxeko eraikinean dagoen karilloian 24. Korrikaren abestiak entzun daitezke. Azkoitiko AEK euskaltegiaren eskariz egokitu du udalak plazako erlojua. Pello Reparazen Zetak musika taldearen Xiberutikan mendebaldera abestiaren doinuak ederki entzun daitezke. 

Gaur arratsaldean hasiko da 24. Korrika Atharratzen (Zuberoa). 15:30ean abiatuko da bi urtez behin AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko egitasmo erraldoia. 11 egunez eskurik esku ibiliko dute milaka eta milaka euskaltzalek hil honen 29an Bilbon irakurriko duten mezua gordeko duen lekukoa. Euskara gara lelopean, Euskal Herria zeharkatuko du 24. Korrikak. Urola Kosta eskualdetik ere igaroko da egitasmoa, eta aurten, 23. Korrikan ez bezala, bi egunetan: martxoaren 25ean, asteazkenez, kostaldeko herriak zeharkatuko ditu, eta martxoaren 28an, larunbatez, eskualdearen barrualdeko herriak.

Azkoitiko herria ere hasi da Korrika herritik igaroko den egunerako prestatzen. Asko eta asko dira dagoeneko Korrika Kulturalaren barruan egindako ekintzak, eta Korrika herrira iritsiko den ordurako ere egun osoko egitaraua prestatu du Korrika Batzordeak. Herria hasi da egun horretarako girotzen, eta udalak, Azkoitiko AEKren eskariz, Kultur Etxeko eraikinean dagoen karilloian jarri ditu 24. Korrikaren doinuak, kantaren zati ezagunena behin eta berriz errepikatuz. 

Karilloia 2022. urteko abenduan berreskuratu zuen udalak, eta orduz geroztik, asko izan dira erloju horrek eguerdian nahiz 20:00etan eskaini dituen abestiak. Letrarik ez, baina 24. Korrikako abestiaren doinuak majo ezagutu daitezke ordulari horren kanpai-hots bakoitzean. Pello Reparazen Zetak musika taldeak sortu du 24. Korrikaren kanta, Xiberutikan mendebaldera izenekoa. 

(Irudiak: Azkoitiko AEK)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide