Gustura irakurri dugu Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko desberdintasunak aztertzen dituen Iñigo Etxanizen Azpeitibismoa artikulua. Are eta gehiago gustatu zaigu egileak hainbat gai garrantzitsu mahairatu dituela ikusi dugunean.
Azpeitiko aktibismoaz eta Azkoitiko ustezko pasibitateaz hitz egiten denean, askotan ematen du hori guztia berezkoa den izaerarekin lotuta dagoela, zerbait "esentziala" dela: azpeitiarrak aktiboagoak, konprometituagoak, kalean ikusgarriagoak direla, eta gu, azkoitiarrak, pasiboagoak, isilagoak, lasaiagoak. Hein batean, baliteke hori horrela izatea, arrazoi bat edo beste dela-eta, baina gure esperientziatik abiatuta, hori ez da kasualitatea. Hori politikaren pribatizazioaren ondorioa da.
Azkoitian ez da erraza kalean politika egitea, are gutxiago instituzioetan parte ez hartzeko erabakia hartu baduzu. Ez da erraza kalea hartzea, ezta diskurtso ofizialetik at dauden ideiak plazaratzea ere. Azkoitiko Gazte Asanbladatik urte guztia jardun politikoa kaleratu nahian ibiltzen gara, eta askotan bizi izan dugu pankarta bat zintzilikatzea, kartel batzuk jartzea... eta ordu gutxira "desagertzea". Ez da haizeak eramaten dituelako, erabaki politiko oso zehatzen ondorioz kentzen dira, eta askotan, gainera, agindu zuzenak izan ohi dira. Hamarnaka aldiz ikusi baititugu pertsona konkretuak telefono deiak egiten gure eta beste talde batzuen propaganda kentzeko.
Herri honetan, espazio publikoa altxor pribatua dela ematen du, ez da gauza tekniko huts bat, gai politikoa da. Plazak, hormak, kaleak ez lirateke instituzioentzat bakarrik izan behar, guztiontzat baizik. Herritarren nahi eta beharrentzat izan behar dira; kolektiboentzat, talde kulturalentzat, gazteentzat, talde politikoentzat, etab. Horiek bizia izatea lortzeko espazioa izan behar dira kaleak, baliabide gehiagorik ez dugunontzat ideia eta proposamenen topalekua izan behar dute. Eta hori, Azkoitian, ez da gertatzen, ez delako uzten.
Ez dugu hau haserretik idazten, ezta konfrontaziotik ere. Alderantziz: Azpeitibismoa artikuluan ireki den elkarrizketari beste ikuspuntu bat gehitu nahi diogu, errespetuz eta gure esperientziatik abiatuta. Azkoitian jardun politikoa bermatzeko borroka egin behar dugu, gure eta denon eskubide politikoengatik. Politika ez da udaletxearen eta dirua dutenen eskubidea, denon eskubidea baizik.