Azpeitibismoa

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Etxaniz

Azpeitiko Alde Zaharra. (Maialen Etxaniz)

Iñigo Etxaniz kolaboratzaileak apirileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Azpeitibismoa.

Aurreko batean soziedadean, firin-faran bazkaria prestatzen genbiltzala azkoitiar batek esan zizkidan hitzak zizelkatuak geratu zitzaizkidan: "Axkottarrak bizixe nola pasatzean ikusten eote gattuk! Bizixen obserbadorik gattuk!". Zer pentsatua eman zidan.

Lehenik eta behin, herri batek izaera propioa al du? Nik uste ukaezina dela baietz. Eta Zestoa edo zestoarrak? Aiii zestoarrak, denok gaude konbentzituta herri hartakoak haize arraroren baten eraginpean daudela. Han irratiak ere ez du funtzionatzen eta. Artikulu soil bat ez, aparteko tomo oso bat merezi dutenez, momentuz apartatu egingo ditugu. Eta Azpeitiaren eta Azkoitiaren arteko ezberdintasunetan zentratuko gara.

Iñaki Segurola Ogrue-k idatzi zuen behin artikulu bat, non gutxi gorabehera zioen, Azpeitiak hobe zuela Azkoitiarekin anaitzea Hazparnerekin anaitu beharrean. Haren esanetan, Azpeitiak edo azpeitiarrek badute zer ikasia-eta azkoitiarrengandik. Ba ote?

Eta azkoitiarrok ba al dugu azpeitiarrengandik zer ikasirik? Karnabaletan Azpeitira pare bat buelta egin ditut. Eta betidanik atentzioa eman didan azpeitiarren ezaugarri garrantzitsuenetako bat definitzen duen adierazle bat ikusi nuen berriro. Plazan zegoen pankarta kopurua. Aktibismoa adierazten duten pankartak. A zer pankarta festa! Feministak, Gazte Sozialistak, trapezistak, funanbulistak…

Ez dakit pankartak egiteko ere udaletxeak lokalak uzten al dizkien edo zer, baina a ze pankartatzarrak!

Betidanik transmititu du Azpeitiak aktibismoa. Herritik hasi eta erakundeetara. Azkenaldian, gainera, herri gisa gauza asko egiten ari diren sentipena dago: aparkalekuak, etxebizitzak, kultur jarduerak, bestelako ekimenak...

Azkoitian, aldiz, zerbait aldarrikatzekotan, pasotismoa aldarrikatzen dugula iruditzen zait. Kontuz! Pasotismo horri lotuta ezaugarri positiboak ere identifikatzen ditugu; xumeak edo xanoak izatea, azpeitiarren aktibismoak afana eta handiustea dakartzala ondorioztatzen dugun bezala. Adibidez, azpeitiar irteera nabarmena da Munategiko rotondan "Azpeitia" hizki larriz jartzea. Ez al zaizue gertatu pasieran hortik pasatzean, gerrialdean halako ttak bat sentitzea eta lepatente samar jartzea?

Ohartuta al zaudete detailetxo batekin? Guk "axkottarrak" eta "axpettarrak" esaten dugu, eta beraiek "axkoitiarrak" eta "azpeitiarrak", z horrekin eleganteagoa balitz bezala.

Ondorio nagusia, badugula elkarrengandik zer ikasia. Anaitasuna behar dugula, lagunok, Anaitasuna, eta ez Lagun Onak izatea soilik.

ChatGPT adimen artifizialari galdetu diot. Honatx dioena. Azkoitiarrak: irekiagoak, hiztunak. Batzuetan "fanfarron" samarrak. Azpeitiarrak: serioagoak, isilagoak, diskretuagoak.

Post data: ChatGPT desinstalatu egin dut.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide