Azkoitiko txosnak aurten ere martxan!

Azkoitiko Gazte Asanbladako bi kide, otarrearen zozketarako txartelak saltzen. (Gazte Asanblada)

Aurten ere Azkoitiko Gazte Asanbladatik hainbat ekimen jarriko ditugu martxan andremarietan. Horietako batzuk urteroko martxari jarraituko diote, baina baditugu berrikuntzak eskuartean.

Azkoitiko Gazte Asanbladako kideok zenbait ekimen antolatu ditugu aurtengo andremarietan ere. Tradizioei jarraituz, kalitatezko produktuz betetako Odriozolako otarrea zozketatzeko txartelak saltzen ibili gara azken asteetan zehar. Horiek, festetako lehen egunetan ere txosnan eskuratu ahalko dira. Zozketako irabazlea abuztuaren 16an jakingo da, eta saridun zenbakia Azkoitia Gukako web orrialdean eta txosnagunean bertan egongo da ikusgai.

Berrikuntzei dagokienez, aurten garrantzi berezia eman nahi izan diogu Gazte Egunari. Aisialdirako nahiz sozializaziorako hainbat ekintza antolatu ditugu, eta berrikuntza moduan, asanbladako kamisetak izango ditugu. Oraindik zurea eskuratu nahi izanez gero, txosnagunean erosteko aukera egongo da hamabi euroan. Beraz, animatu zaitez Gazte Egunean parte hartzera, jantzi ezazu kamiseta eta batu antolakuntzara!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide