Atzoko eraso poliziala salatzeko mobilizazioa gaur, 19:00etan, plazan

Atzo Azkoitian gertatutakoaren harira, Azkoitiko Gazte Asanbladak mobilizaziora deitu du gaur arratsalderako. 19:00etan plazan izango da hitzordua, eta azkoitiar orori bertaratzeko deia egiten diogu. Jazarpen polizialaren aurrean, klase batasuna!

Azkenaldian, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren aitzakiapean, langileon antolakuntza ahalbidetzen duten oinarrizko askatasun eta eskubideen aurkako ofentsiba bizi dugu. Horren erakusle dira biltzeko eta elkartzeko eskubidearik eza, mugikortasun librerako eskubiderik eza, ordutegi mugak ezartzea eta gazteok jasaten dugun poliziaren jazarpena eta komunikabideek gure aurka egiten ari diren kriminalizazio kanpaina.

Jazarpen poliziala Azkoitian bertan ere azken asteetan ikusi ahal izan dugu. Poliziaren presentziaren gorakada, mehatxuak, isunak, identifikazioak... Egoera honek goia jo du pasa den larunbatean Azkoitiko gazteok jasan dugun erasoarekin.

Egunean zehar ohikoa baino presentzia polizial handiagoa izan genuen. Uneoro kaleak kontrolatzen ibili ziren eta tabernetara sartuta ere ikusi genituen. Tabernan egote hutsagatik identifikazioak jasan genituen. 

Tabernak itxi orduko, 20:10erako, polizia kopuru handia agertu zen Atraskua parera: bi patrulla eta istiluen aurkako furgoi bat ikusi genituen herriko udaltzainekin batera. Bertan zegoen jendeari mehatxuka hasi ziren dispertsatzeko esanez, bestela identifikatuak izango zirela esanez. 

Minutu gutxira, ertzainek kalean zeudenen aurka kargatu zuten inongo irizpiderik gabe. Hainbat gaztek isunak, identifikazioak eta mehatxuak jasan zituzten. Horrez gain, batzuk erasotuak izan ziren: gazte bat ahotik eutsita kalean zehar arrastaka eraman zuten, beste batzuk paretaren aurka bultzatu edo lurrera jaurti zituzten, ostikadak jaso zituzten... Horrekin batera, uneoroko irainak eta probokazioak jasan zituzten: "que poco correis los jovenes de Azkoitia", "este no es uno de ellos, pero lo multaremos igual" eta "ya no sois tan valientes" bezalakoak entzun ziren polizia indarren ahotan.

Horren denbora gutxian hainbeste polizia agertu izanak, aldez aurretik planifikatutako ekintza izan dela erakusten du.

Azkotiko Gazte Asanbladako kideok gertaera horiek salatzen ditugu, eta hori dela eta, gaur, 19:00etan, herriko plazan egingo dugun mobilizaziora bertaratzera gonbidatzen zaituztegu.

Jazarpen polizialaren aurran, klase batasuna!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide