Atzo iluntzean Azkoitian jazotako gertakariak salatu ditu Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, elkartasuna adierazi die "bortizkeria beren azalean bizi izan zuten" herritarrei, eta gaur arratsalderako Azkoitiko Gazte Asanbladak deitu duen mobilizazioarekin bat egin du. 19:00etan izango da mobilizazioa, herriko plazan.
Urola Erdiko Kontseilu Sozialistaren iritziz, atzoko gertakariak ez dira kasu isolatu bat bezela ulertu behar. "Jazarpen eta bortxa poliziala egungo pandemiaren eta hori sortzen ari den ezegonkortasun ekonomiko zein sozialaren aterabide bakar bezala" darabiltela uste du, eta halaxe salatu du. "Langileriaren kriminalizazioa azken muturreraino eraman dute: eskubide zibil eta politikoak minimora mugatzearekin nahikoa ez, eta isunak, mehatxuak, kaleen militarizazioa eta probokazioak eguneroko ogi bihurtu dituzte".
Atzo Azkoitian gertatutakoari erreferentzia eginez, "gazteak iraindu eta jipoitu" zituztela adierazi du, "aktuazio polizial bortitz bezain tamalgarrian". "Udaltzaingoaren konplizitate eta laguntzaz, Ertzaintzak gazteak korrika jarraitu, ibilgetu, mehatxatu eta iraindu zituen, eta gazte horiek isuntzeko prozedurak ireki ditu". Kontseilu Sozialistaren ustetan, pandemiaren hedapenaren auzitik urrun dauden gertakariak dira horiek. "Ordena kapitalistaren erreproduziak behar duen osagai autoritarioaren adibide bat gehiago dira".
Horiek horrela, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak bat egin du gaur arratsalderako Azkoitiko Gazte Asanbladak deitu duen mobilizazioarekin.