Anaitasuna Kakutek prest du ia guztia datorren igandean, Elkarguneko bi aretotan jokatuko duten 29. San Andres xake txapelketarako. Kluba pozik azaldu da, ezarritako helburuak bete dituelako: "Lehenengo helburua zen bazkideei berriz ematea maila desberdinetako jokalariak izango zituen txapelketa handi bat; bigarren helburua, berriz, edukiera muga jarri eta leku guztiak betetzea zen, eta txapelketa baino astebete lehenago, 157 pertsonak eman dute izena, eta itxaron zerrenda ere osatu dugu, norbaitek parte hartzerik izango ez balu; hirugarrenik, maila handiko jokalari bat ekarri nahi genuen, eta aurten, Enrique Tejedor nazioarteko maisu eta hainbatetan Espainiako txapelduna izan denak parte hartuko du".
40 elkartetako jokalariak izango dira igandean, eta 140 FIDE rankingean daude. 17 lagun federatu gabekoak dira, 13 emakumeak, eta maila desberdinetako jokalari ugari lehiatuko dira adinaren, sexuaren eta rankingen arabera banatuko dituzten sariak bereganatzeko. Horrez gain, txanden artean zozketak egingo dira, eta sorpresaren bat edo beste ere izango da. Jokalarien, arbitroen, antolatzaileek, senideen eta lagunen artean, 200 bat lagun elkartuko dira igandean Elkargunean. Zorte on guztiei.