Kejie ta desditxie

"Zuen aberastasuna, gure miseria"

Erabiltzailearen aurpegia Kejie ta desditxie 2026ko uztailaren 17a

Goikokalearen egoera dela eta, herritar batek kexa bidali du Gukaren erredakzioara.

Duela egun batzuk Mikel Espinakok idatzitako Zuen aberastasuna, gure miseria artikuluaren izenburu bera erabili du herritar batek bere kexa plazaratzeko, baina Espinakok herriko bi enpresatako buruengatik idazten zuen bezala, herritar honek udala jarri du jo puntuan. Honela dio Gukaren erredakziora bidali duen kexak:

"Zuen aberastasuna, gure miseria. Esaldi hori udalari ere ondo dagokio. Alkatea eta zinegotziak, oro har, egoera onean dauden auzo eta etxebizitzetan bizi dira: kaleak garbi daude, belarra maiz mozten da, espaloiak txukun mantentzen dira eta ingurua zainduta dago.

Alde Zaharrean, ordea, batez ere Goikokalen, egoera guztiz bestelakoa da. Kaleak zikinago daude, belarra hiru hilean behin baino ez da mozten (eta hori kasurik onenetan), espaloiak zaharkituta daude, arratoiak gero eta ugariagoak dira, ibaiaren ingurua zaborrez beteta dago, usoek egindako zirinak hilabeteetan garbitu gabe daude, eta duela ia hamabost urte sutea izan zen etxebizitzen inguruan oraindik ez da behin betiko irtenbiderik eman.

Goikokalea joan-etorri handiko lekua da. Jausorora, Altzibarrera edo anbulatoriora bidean, jende asko ibiltzen da hara eta hona egunero, baina espaloiaren egoera dela eta, ume kotxe bat, gurpildun aulki bat edo antzerako zerbait parean egokituz gero, oinezkoak ere pasa ezinik ibiltzen dira askotan. 

Gainera, uda iristearekin, gazteak gauetan kalera ateratzen ere hasi dira. Kuadrillatxoak elkartzen dira Goikokaleko plazatxoan; leku polita da erdi ezkutuan lasai egoteko. Ez dute, ordea, ingurua batere errespetatzen. Hormetan pixa egiten dute, zabor guztiak lurrera eta ibaira botatzen dituzte, motoekin joan-etorrian ibiltzen dira zarata handia ateraz, eta musika bolumen handian edukitzen dute ordu txikiak arte.

Zoritxarrez, badirudi auzo horretan adineko pertsona asko eta atzerritar jatorriko bizilagun ugari bizi direlako ez zaiola behar bezalako garrantzirik ematen. Benetan tamalgarria da gure herriko alde zaharra jasaten ari den utzikeria.

Honekin guztiarekin, hasierako esaldiari aldaketa bat egingo nioke: Udalaren utzikeria, herritarren miseria". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide