Zuen aberastasuna, gure miseria

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Espinako 2026ko uztailaren 13a

Mikel Espinakok honako iritzi artikulu hau argitaratu du Azkoitia Gukaren komunitatean: 'Zuen aberastasuna, gure miseria'.

Guztiok dakigun bezala, herrian jabe bera duten bi enpresa daude, eta bertan gertatzen ari dena erabat onartezina da. Urte luzez enpresak ondo zihoazenean, nagusia langileen lanari esker aberastu da. Baina egoerak okerrera egin duenean, ondorio guztiak langileek pairatu behar izan dituzte.

Duela ia bi urte hasi zen langileen aurkako jazarpena. Lehenik, enpresaria soldatak berandu ordaintzen hasi zen, eta handik hilabete gutxira, ordaintzeari utzi zion.

Argi dago jabearen helburua zein zen: langileek beren borondatez alde egitea, kalte-ordainik ordaindu behar izan gabe. Estrategia horren ondorioz, duela urte eta erdiarekin alderatuta, bi enpresetako langileen %60 baino gehiago desagertu da.

Gainera, susmo sendoak daude enpresako makineria salgai jarri duela langileei inolako azalpenik eman gabe. Jokabide hori, ordea, ez litzateke berria izango. Izan ere, Juaristi enpresaren pabiloiarekin gauza bera egin zuen: beste enpresa bati saldu zion, eta langileek sei hilabete geroago izan zuten horren berri.

Bestalde, garbi dago nagusiaren beste estrategia bat ere zein izan den: langileen artean zatiketa eta liskarra sustatzea. Gaur egun beste hainbat gatazketan ikusten ari garen bezala, batzuei komeni zaie langileria banatzea eta benetako arduradunak nor diren ezkutatzea. Guztiok dakigu, ordea, etsai bera dugula aurrean. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da langileen batasuna eta antolakuntza indartzea.

Enpresaburu honen zentsurak ere ez du mugarik izan. Garai batean kaleetan pankartak jartzen zirenean, hainbat langilek bera ikusi zuten pankartak kentzen. Eta hori gutxi balitz, joan den udan haren aurkako pegatinak agertu ziren herrian; aste gutxiren buruan, ordea, ez zen bakar bat ere geratzen. Horrelako egoerek agerian uzten dute zein erraz ezartzen den zentsura, baina beti helburu berarekin: dirua dutenen interesak babestea eta langileon ahotsa isilaraztea.

Azkenik, bertako langileek behin eta berriz adierazi dutenez, enpresaren gainbeheraren arrazoi nagusia jabearen kudeaketa txarra izan da. Hala ere, hori ez da kasu isolatu bat; enpresen munduan maiz errepikatzen den errealitatea da.

Enpresa honek kudeaketa txarraren ondorioz hondoa jo badu ere, badira antzeko beste hainbat adibide. Hor daude, esaterako, deslokalizazioaren ondorioz langileek lantokia aldatu behar izaten duten kasuak, edo enpresa batek espero diren etekinak lortzen ez dituenean ixteko hartzen den erabakia. Azkoitian bertan bizi izan ditugu horren adibide argiak: Sidenor eta Merkal Calzados.

Oso argi dago nor ateratzen den beti galtzaile: langileak. Eta are argiago dago legeak noren mesedetan egiten diren.

Gora langileon borroka!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide