Azaroaren 25a

Azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzeko deia egin du Itaiak

Erabiltzailearen aurpegia Itaia

Itaiak iaz eliz atarian egin zuen Azaroaren 25eko mobilizazioa. (Andoni Elduaien)

Azaroaren 25ean, 19:00etan Azkoitiko plazatik abiatuta, mobilizazioa egingo du Itaiak, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean. 

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna izango da azaroaren 25a, eta data horren harira, "indarkeria matxistaren aurkako borroka lehen lerroan" jartzeko deia egin du Itaiak. Antolakundeak kaleko mobilizazioa indartu nahi du, "diskurtso matxistei eta faxistei aurre egiteko". Hain zuzen ere, azaroaren 25ean kaleak hartzeko deia egin du Itaiak; egun horretan, 19:00etan Azkoitiko plazatik abiatuta, mobilizazioa egingo dute, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean. 

Itaiak salatu du "emakume langileen aurkako indarkeria etengabea" dela, eta indarkeriak horiek "gero eta bortitzago" kolpatzen dituela ohartarazi du; besteak beste, foroetan emakumeen argazki sexualizatzaileak partekatzea eta kalean hilketa matxistak egitea kezkagarria dela adierazi du.

Antolakundeak eskuina eta ultraeskuina seinalatu ditu, "emakumeen aurkako diskurtsoak eta erasoak normalizatzea eta erasotzaileen inpunitatea indartzea" egotzita. "Emakumeok lehen lerroan jarraituko dugu, matxismoaren eta faxismoaren aurka borrokatzen", adierazi du Itaiak.

Era berean, azken urteetan agintean egon diren ezkerreko alderdien jarduna kritikatu du Itaiak. Antolakundearen arabera, indarkeria matxista ez dute "lehentasunezko auzitzat" hartu, eta "instituzio kapitalisten barruko kudeaketara" mugatu dute erantzuna, "gero eta baliabide gutxiagorekin eta emakumeen babesa bermatu gabe". Horren adibide gisa aipatu dituzte urruntze aginduen urraketak eta indarkeria jasaten duten emakumeak etxebizitza alternatibarik gabe uzten dituzten etxegabetzeak. Instituzioen jardunarekin batera, kaleko mobilizazioa apaldu izana ere kritikatu dute, "ideia matxistei eta faxistei aurre egiteko indarra ahuldu" duelakoan. Horren aurrean, "instituzioetatik harago eta ikuspegi independente batetik jardungo duen mugimendu indartsua" eraikitzearen alde egin dute.

Hiru lan ildo

Hiru lan ildo nabarmendu dituzte: "Erasotzaileek tokirik izan ez dezaten, gero eta pertsona gehiago matxismoaren aurka posizionatzea; emakumeen babesa bermatzeko kalitatezko bizi baldintzen alde borrokatzea; eta herri zein auzoetan mobilizazioa sustatuko duen antolakuntza indartzea".

"Indarkeria matxistaren kudeaketa hutsa ez da aterabidea" Itaiaren iritziz, eta "behin betiko amaitzeko borrokara" batzeko deia egin du antolakundeak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide