Matxismoaren aurka, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakumeon eskubideen alde egingo du Itaiak Martxoaren 8an

Erabiltzailearen aurpegia Itaia 2026ko otsailaren 24a

Itaiaren I. Kongresu prozesuaren aurkezpena. (Itaia)

Martxoaren 8a antolatzen hasia da Itaia, lehen komite bat eginda. Larunbat honetarako, bere kongresuan jorratutakoetan sakontzeko hitzaldia antolatu du, eta azken asteetan komiteak, erakusketa eta mobilizazioa egingo ditu.

Pasa den otsailaren 6an ehunka lagun bildu ginen Andoainen (Gipuzkoa), eta bertan berretsi genituen Itaiaren I. Kongresu prozesuan eztabaidatutakoak. Argi adierazi genuen guretzako lehentasunezkoa dela indarkeria matxista borrokatzea eta esplotazio ekonomikoari aurre egitea, baita emakume langileon eskubideen alde borrokatzea ere. Helburu horiei jarraiki aurkeztu genuen Emakumeon Antolakunde Sozialistaren proposamen politikoa.

Motibazioz eta borrokarako grinez itzuli ginen amaierako ekitalditik, eta orain bidea egiten jarraitzeko unea da, ez baitira txikiak markatu genituen erronkak. Identifikatutako problematikak eta egitekoak, gainera, ez dira gure herrietan gertatzen ez diren kontuak; horregatik, antolatu dugu datorren zapaturako Emakume langileon askapenerako erronkak eta proposamenak hitzaldia, antolakundeak ezarritako ortzi-muga eta helburuak zabaltzeko eta geurera ekartzeko. Elkarguneko Oteiza aretoan izango da hitzaldia, 12:00etan. 

Baina aipatu behar da hitzaldia ez dela datozen asteetarako prestatu dugun ekimen bakarra, badator-eta Martxoaren 8a, emakume langileon eguna, emakume langileok kaleak hartzeko eguna. Horregatik, komiteak antolatu ditugu. Batetik, gazteon artean egun horrek emakume langileontzat izan duen eta izan behar duen garrantziaz hausnartzeko, eta, bestetik, martxoaren 8rako lanketa antolatzeko. Beharrezkoa da egun hori ospakizuneko egun bat baino gehiago dela gogoraraztea, edo, bestela esanda, borrokarako eta antolakuntzarako deia zabaltzeko egun bat dela azpimarratzea. 

Izan ere, ezin dugu ahaztu nondik datorren egun hau. Gogoan izan behar dugu iraultza ortzi-mugatzat zuten emakumeek proposatu eta diseinatu zutela, emakume langileon askatasun politikoa, ekonomikoa eta soziala lortzeko indarrak handitzeko asmotan. Zentzu horretan, historia ahanzturan geratu ez dadin prestatu dugu martxoaren 6an eta 7an Portaleburun ikusgai egongo den erakusketa. Bertan, deia luzatu nahi izan diogu herritar orori bere artelana aurkez dezan, emakume langileok borrokara batzeko deia egiteko helburuarekin.

Martxoaren 8a baliatuko dugu, hasteko, emakume iraultzaileen lekukoa hartzen dugula ozen oihukatzeko, baina baita emakume langileon miseriaren erantzuleak seinalatzeko eta gure aldarrikapenekin kaleak betetzeko ere. Martxoaren 8an kaleak hartuko ditugu matxismoaren aurka, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakumeon eskubideen alde, 13:00etan plazatik abiatuko den manifestazioan.

Denak ala denak balio dezala emakume langileon artean borrokarako grina hedatzeko. Batu antolatutako ekimen ezberdinetara!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide