Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, kaleak hartzeko deia egin du Urola Erdiko Itaiak

Erabiltzailearen aurpegia Itaia 2025ko urr. 30a, 14:23

Matxismoa ukatzen eta indarkeria normalizatzen duten ideia faxisten zein erasotzaileen inpunitatearen aurka kaleak hartzeko deia egin du Urola Erdiko Itaiak. Bide horretan, asanblada irekiak, hitzaldiak, indarkeria matxistaren aurkako kontzientziazio dinamikak eta mobilizazioak antolatu ditu. Herritar orori batzeko deia luzatu die.

Indarkeria matxistak bere errealitaterik gordinena erakusten du etengabe. Azken asteotan Euskal Herrian gizon batek emakume bat erail zuen Zarautzen; urruntze agindua urratu eta emakume bat itotzen saiatu da bere bikotekide ohia Irunen; talde-bortxaketa Iruñean; bere burua eta bere semea senar erasotzailearengandik babesteko Angelura etorritako emakumea atxilotu dute; polizia batek bortxaketa frogak suntsitu ditu erasotzaileak laguntzeko; eta bi sexu-esplotazio sare atzeman dituzte Donostian, Tuteran eta Irunen. Emakumeok matxismoaren kolpeak jasaten ditugu egunero.

Egoera larria da, eta are larriagoa da emakume langileontzat, gure bizi baldintza prekarioek ezinezko egiten baitute indarkeria testuinguruetatik askatzea.

Bestalde, faxismoaren gorakadak emakumeok gutxiesten gaituzten ideiak zabaltzea eragin du. Matxismoa ukatzea ordea, ez da ultraeskuinaren kontua soilik. Sare sozialen eraginez, emakumeon aurkako jarrerak normalizatu eta gure zapalkuntza minimizatzen duten mezuek indarra hartu dute gazteen artean.

Itaiatik ozen diogu: ezin dugu matxismoa normalizatzea onartu. Premiazkoa da emakumeonganako deshumanizazio eta mendekotasun forma orori aurre egingo dien bloke zabala osatzea. Instituzioak indarkeria matxista amaitzetik urrun, hori kudeatzera mugatu dira, gero eta baliabide urriagoekin, gainera. Aldi berean, besteak beste instituzionalizazio prozesu horren eraginez, eraso matxistak salatzeko kaleko erantzuna apalduz joan da. Beraz, orain inoiz baino gehiago, matxismoaren aurkako borroka indartzeko momentua da.

Bide horretan, azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzeko deia egiten dugu: matxismoa ukatzen eta indarkeria normalizatzen duten ideia faxisten zein erasotzaileen inpunitatearen aurka.

Hilabete honetan zehar, norabide horretan jardungo dugu lanean: asanblada irekiak eta hitzaldiak antolatuko ditugu eskualdean, eta indarkeria matxistaren aurkako kontzientziazio dinamikak jarriko ditugu martxan. Horrez gain, azaroaren 25ean bertan, Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan mobilizatuko gara: Azpeitian 19:00etan, plazan; Azkoitian 19:00etan, eliz atari aurrean; eta Zestoan 19:00etan, plazan.

Dei egiten diogu herritar orori hilabete honetan zehar antolatuko ditugun ekimenetan parte hartzera eta azaroaren 25eko mobilizazioetara batzera.

Indarkeria matxistaren aurrean, kaleak hartu!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide