Matxismoaren aurka emakume langileok lehen lerroan egotearen beharra aldarrikatuta, Martxoaren 8a prestatzen hasi da Itaia

Erabiltzailearen aurpegia Itaia 2025ko ots. 5a, 08:07

Itaiako hainbat kide Martxoaren 8ko prentsaurrekoan. (Itaia)

Emakume Langileen Nazioarteko Egunean hainbat eta hainbat herritan eta auzotan mobilizazioak egingo ditu Itaiak Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara! lelopean. Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan ere mobilizatuko gara; hiru herrietan 19:00etan hasita egingo ditugu mobilizazioak.

Emakume Langileon Nazioarteko Eguna dela eta, Itaiak agerraldia egin du azken hilabeteetan areagotzen ari diren ideia eta jarrera erreakzionarioen eta matxisten aurkako borrokan emakume langileok lehen lerroan egon behar dugula aldarrikatzeko. Hain zuzen, Mugimendu Sozialistako belaunaldi desberdinetako emakumeak elkartu gara borrokarako deia egiteko. Urola Erdiko Itaia hasi da dagoeneko antolatzen, bai Martxoaren 8an, baita egun horretara bitartean egingo ditugun deialdiak eta ekintzak prestatzeko.

Hain zuzen ere, uste dugu nabarmen ari direla zabaltzen emakumeon aurkako jarrerak instituzioetan, sare sozialetan zein kalean, hala nola matxismoaren existentzia ukatzen duten ideiak. Horrez gain, krisialdi ekonomikoaren baitan langileon, eta, konkretuki, emakume langileon lan eta bizi baldintzak nabarmen okertzen ari dira, besteak beste, lan ezegonkorrak, lanaldi partzialak, bizitzaren garestitzea... Esan genezake, beraz, emakumeon aurkako ofentsiba ekonomikoa eta kulturala areagotzen ari dela. Horrek guztiak, gainera, emakumea bigarren mailako subjektu izatea oraindik eta gehiago normalizatu du.

Egoera larri honetan posizionatzeko momentua dela uste dugu: emakume langileon zapalkuntza betikotzen jarraitu edo matxismoaren aurka borrokatzeko hautua egin.

Itaiak aurtengo Martxoaren 8rako borrokarako deia egin nahi du, kalera ateratzeko unea dela uste baitugu. Hain zuzen, Martxoaren 8aren jatorrizko izaera iraultzailea berreskuratu nahi dugu. Horretarako, hilabete honetan zehar erasotzaileen inpunitatearen aurka, lan sektore feminizatuetako lan baldintzen eta eskubideen alde zein emakumeok sexu objektu bihurtzen gaituen inposaturiko sexualitatearen aurka arituko gara lanean, kalean nahiz institutuetan.

Horrez gain, Martxoaren 8an, hainbat eta hainbat herritan eta auzotan mobilizazioak egingo ditu Itaiak Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara! lelopean. Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan mobilizatuko gara; hiru herrietan 19:00etan hasita egingo ditugu mobilizazioak.

Hona hemen Itaiak M8aren harira emandako prentsaurrekoaren bideoa:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide