Indarkeria matxistari eta ideia erreakzionarioei aurre egiteko antolatzeko batzar irekiak deitu ditu Itaiak

Erabiltzailearen aurpegia Itaia 2024ko abe. 13a, 11:55

Urtea hasi zenetik Urola Erdian 42 eraso matxista salatu dira Itaiaren arabera, eta zoritxarrez zifra erreala handiagoa dela diote. Asanblada irekiak deitu dituzte datozen egunetarako. 

Azaroaren 25etik bi aste igaro dira, eta egun horretan kalera ateratako mezuak berretsi bestetik ez dira egin. Askok beste aldera begiratu nahi badute ere, hau da emakumeon errealitatea, Urola Erdian ere argi ikus dezakegun moduan; izan ere, urtea hasi zenetik 42 eraso matxista salatu dira Urola Erdian, eta zoritxarrez zifra erreala handiagoa izango da, eraso asko isilpean gelditzen baitira.

Ez dugu onartuko errealitate gordin honen aurrean indarkeria matxista existitzen ez denaren ideia zabaltzea, ezta erasoak diskurtso arrazistak soilik elikatzeko erabiltzea ere. Urola Erdiko Itaiatik argi dugu egoerari aurre egiteko geroz eta jende gehiago antolatu behar garela indarkeria matxistaren eta diskurtso erreakzionarioen aurka. Zentzu horretan, datozen egunetan antolatu ditugun asanblada Irekietan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu.

Honako hauek dira egingo ditugun batzarrak:

  • Abenduak 13, ostirala:
    18:00etan, Zestoako Gaztetxean.
  • Abenduak 14, larunbata:  
    10:00etan, Azkoitiko Elkarguneko Intsausti aretoan.
  • Abenduak 19, osteguna: 
    18:30ean, Azpeitiko Baigerako aretoan

Indarkeria matxistari eta ideia atzerakoiei aurre egiteko, antola gaitezen!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide