Badira hilabete batzuk herriko plazan lur azpiko zaborrontziak itxi zituztela. Aurretik, sute baten ondorioz, Martin Deuna kalean zeuden edukiontziak ere kendu zituzten, eta ordutik ez dira berriro jarri.
Bi gune horietan zaborra uzten zuten herritarrei ez zaie bestelako alternatibarik eskaini; udalaren arabera, Elkarguneko edo osasun zentro aurreko edukiontziak erabili behar dituzte. Hala ere, egoera horrek kexa ugari sortu ditu plazatik gertu bizi diren bizilagunen artean.
Besteak beste, adineko pertsonek adierazi dute Elkarguneko edukiontziak ez direla egokiak, irisgarritasun arazoak tarteko. Espaloiaren kotara egokitzeko beharra ere mahai gainean jarri izan da, baita batzordeetan ere.
Bestalde, Martin Deuna kalean zeuden edukiontziak arriskutsuak izan zitezkeelakoan kendu zituzten, sutearen ondoren. Egun hartan, edukiontzien ondoko zuhaitz batek su hartu zuen, eta ondoko etxebizitza bateko egurrezko miradorea ere arriskuan egon zen. Hala ere, egoera asko hobetu da, lehen zegoen zuhaitzak ezingo luke-eta gaur egun sua miradore horretara bideratu; arrisku hori nabarmen murriztu da.
Horregatik guztiagatik, Azkoitiko Udalari eskatzen diogu berriro azter dezala egoera, eta herriko plaza inguruan edota Martin Deuna kalean lehen zeuden zaborrontziak berriz jartzeko aukera balora dezala, bizilagunen beharrei erantzuteko.