Aurrekontuak, legea eta herritarren informazio eskubidea

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2026ko urtarrilaren 20a

2026ko udal aurrekontuen onarpen prozesuak eztabaida ugari sortu ditu gure herrian. Eztabaida horien artean, ordea, badago bereziki larria den auzi bat: legeak ezartzen duen betebeharra ez dela bete, eta horren ondorioz aurrekontuak ezin izan direla garaiz onartu. Are larriagoa da egoera hori azaltzeko orduan erabilitako diskurtsoak herritarrengan nahasmena sortzen duela. Artikulu honen bidez, gertatutakoa argitu, erantzukizunak zehaztu eta herritarrek informazio zuzena izateko duten eskubidea defendatu nahi dugu.

2026ko aurrekontuen prozesuan eztabaida asko izan dugu, baina beharbada larriena, gure herriko alkateak legeak ezartzen duena ez betetzea izan da, eta orain, komunikabideak, horrela erabiltzeak, herritarra nahastea dakar.

Alkateak herritar baten salaketari erantzuna emanez argitaratutako artikuluan, berak dion bezala, "Azkoitiak zehaztu duenez, foru arauan hala jasota badago ere, ezin izan dituzte aurrekontuak abenduaren 31 baino lehen onartu”. Orduan foru arauak hori dioela alkate berak garbi duela dirudi. Beraz, 2026ko aurrekontuak abenduaren 31 baino lehen aurkeztu behar zituela bazekien eta hori egin ez duenez ezin izan dira onartu.

Beste paragrafo batean, honakoa irakur daiteke: “Azkoitiak esan du osoko bilkura deitzea alkatearen eskumena dela, baina orain arte horretarako baldintzarik ez zegoela". Hemen bi kontu: eskumena eta derrigortasuna ez direla sinonimoak garbi dugu, ezta? Ba legeak ez du esaten alkateak nahi duenean udal bilkura deitu lezakeela, bilkura horretara bai ala bai deitu behar duela baizik. Bestalde, guztietan larriena da, “horretarako baldintzarik ez zegoela” dioela. Ba jakin, baldintza denak betetzen zirela, batzordetik pasata eta onartuak zeudela, eta alkateak bere bete beharrak bete izan balitu, urtea bukatu aurretik onartuak izango zirela. Ezin dugu garbiago adierazi: alkateak legeak dioena aplikatu izan balu, aurrekontuak berehala onartuko ziren, eta lehenago onartu ez izana, legea alde batera utzi, eta udalbatza deitu ez zuelako izan da soilik.

Herriko alkateak legea ez duela bete garbi dugu, eta herritarrak egin duen salaketak zentzu dena duela ere bai, Azkoitia Baitik ere, abenduaren 23an, erregistro sarrera baten bidez gogorarazi genion alkateari legeak zioena, eta betetzeko eskaria luzatu, noski.

Laburbiltzeko,

  1. Oso larria: herriko alkateak, jakinaren gainean, ez duela legeak dioena bete.
  2. Oso oso larria: herritarra nahasteko modu horretan komunikabideak erabiltzea.
  3. Herritarrak salaketa hori jartzeko arrazoi osoa duela ere garbi utzi nahi genuke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide