Ana Azkoitiak uste du herritar batek bere aurka jarritako salaketak ez duela zentzurik, ezta bide juridikorik ere

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 19a

Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea. (Azkoitiko Udala)

Azkoitiko alkateak lehen aldiz hitz egin du, aurrekontuen foru araua urratzea eta kontuak blokeatzea leporatuta herritar batek bere aurka jarritako salaketaren harira. Azkoitiak esan du aurrekontuen prozesuan ez duela legez kontrako ezer egin. Halaber, alkateak bere gain hartu ditu bere erantzukizunak eta ardurak, eta esan du bere betebeharra izan dela azkeneraino negoziatzen segitzea eta lehenengoan amore ez ematea.

Udal aurrekontuen gaineko akordioa iragarri eta gutxira, Ana Azkoitia alkateak lehen aldiz hitz egin du herritar batek bere kontra jarritako salaketaren harira. Hain zuzen ere, Gorka Alberdik alkatearen kontrako salaketa aurkeztu du Arartekoan nahiz Gipuzkoako Foru Aldundian, aurrekontuen foru araua urratzea eta kontuak blokeatzea leporatuta, eta hedabideetan horren berri eman eta egun batzuetara iritsi da alkatearen erantzuna. Hark esan du aurrekontuen prozesuan ez duela legez kontrako ezer egin.

Azkoitiak zehaztu duenez, foru arauan hala jasota badago ere, ezin izan dituzte aurrekontuak abenduaren 31 baino lehen onartu: "Nire lana izan da oposizioko alderdi guztiei aurrekontuen zirriborroa aurkeztea, eta lehen bertsio hura egokitzen joatea, udal gobernuaren eta oposizioaren arteko adostasuna lortu dugun arte". Akordioa itxi dutela eta datorren urtarrilaren 28ko udalbatzarrean bozkatuko dituztela ere zehaztu du, eta esan du bere betebeharra izan dela azkeneraino negoziatzen segitzea eta lehenengoan amore ez ematea, "udal gobernuak bere burua islatuta ikusten ez duen aurrekontua ontzat emanda".

Azkoitiak esan du osoko bilkura deitzea alkatearen eskumena dela, baina orain arte horretarako baldintzarik ez zegoela. "Oposizkokl alderdiei argi azaldu nien, adostasunik ezean, ez nuela udalaren osoko ohiko bilkura deituko. Akordioa geroago iritsi da, eta onarpena ere hala iritsiko da. Horixe da leporatzen zaidana", jakinarazi du.

Aurrekontuak EH Bilduren eta Azkoitia Bairen abstentzioarekin onartuko direla esan du, eta ez duela besterik esateko. "Uste dut salaketak ez duela zentzurik, ezta bide juridikorik ere, baina nire erantzukizunak eta ardurak neure gain hartzen ditut; beti egin izan dut eta egiten jarraituko dut", azpimarratu du. Halaber, aurrekontuen inguruko negoziazioa zaila izan dela onartu du alkateak, oposizioak egoera "muturrera" eraman duelako: "Zorionez, gai izan gara egoera bideratzeko eta gaia beste eszenatoki batera eramateko".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide