Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten hiru alderdik udal aurrekontuak onartzeko akordioa itxi dute. EAJk, EH Bilduk eta Azkoitia Baik adostasuna lortu dute erakundearen 2026ko kontuak aurrera atera ahal izateko, eta beraz, horiek urtarrilaren 28ko, asteazkena, udalbatzarrean onartuko dituzte behin-behinean.
Udalaren datorren urteko aurrekontua 18.710.000 eurokoa izango da; Elkargunearen aurrekontua 1.158.000 eurokoa izango da eta 2.240.037 eurokoa Azkoitia Lantzenena.
Aurrekontuak onartzeko prozesua luzea izan da; izan ere, EAJren udal gobernua eta oposizioko alderdiak ez dira ados jarri orain arte. Joan zen ostegunean egin zuten horietako ordezkariek bilera, eta han erabaki zuten urratsa ematea. Ondorioz, EH Bildu eta Azkoitia Bai abstenitu egingo dira 2026ko aurrekontuak onartzeko bozketan.
Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek esan dutenez, ez da erraza izan akordioa erdiestea, eta "pozik" agertu dira akordioarekin, udaleko iturriek esan dutenez, "Azkoitiko herriaren eta herritarren onerako" baita.