1. Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
Ados.
2. Azkoitiko Udalaren jabetzako den 3311 finkaren izaera juridikoa aldatzeko akordioa.
Etxepe horretan igogailua jartzeko, udalak dituen lokalak behar dira, baina udalak saltzeko ondasun higiezin izaera hartu behar dute aurretik, ondare izaera, eta pauso hori ematearen alde bozkatuko dugu.
3. Udal langileen ordainsarien % 0,5eko igoera gehigarria onestea 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Gaur hemen udal teknikarien, bestelako langileen eta politikarien soldata igoera bozkatuko dugu.
Agintaldi hasieran Azkoitia Baik eskatzen zuen bezala, zinegotzien soldatak %20bat jaistea lortu zen, baina alkatearena %5a jaitsi zen soilik. Guri, bai orduan eta bai orain, alkateren soldata gehiegizkoa iruditzen zaigu, eta udaleko langileekin batera igotzen doa. Gure iritzia garbi azaldu genuen azken igoeran ere, eta berriro luzatzen dizuegu galdera bera: ea politikarion soldata aparte bozkatzeko prest zaudeten. Politikariren baten soldata neurriz kanpo dagoela iruditzen zaigu, eta orain ere diruz gehiena berea igoko da.
Gu abstenitu egingo gara gaur, baina besteon iritzia jakitea gustatuko litzaiguke, aurrera begira eman beharreko pausoak erabakitzen joateko.
4. Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko 2 zenbakidun espedientearen onespena.
Dirua non gastatuko den aztertu ostean, esan behar da partida asko udalaren egin beharrekoak direla, udal eraikinen mantenua esaterako. Horrez gain, dauden beste partidetan ere gure adostasuna behin baino gehiagotan azaldu dugu, hala nola skate parkea edo ikastolako eguzki plakak zein patioa.
Dena den, badakizue guri garrantzitsuak iruditzen zaizkigun beste hiru partidetarako kreditu aldaketa bat proposatu genuela: herritarren parte hartzea indartzeko eta herrian ditugun lokalen azterketa bat egiteko, bai herriko taldeek beren lana egoki egiteko, AEK-koek adibidez, bai egoitzako egoiliar multzo batek herriko bizitzan bere tokia izan dezaten. 40.000 eurokoa zen guk aurkeztutako kreditu aldaketaren zenbatekoa, zuek gaur aurkeztu duzuen milioi ingurukoarekin konparatuz, huskeria bat. EAJk garbi azaldu zigun gure proposamenak ez zituztela egun lehentasun. Ordea, kreditu aldaketa bezala ez bada ere, jakin ez dugula oraindik esperantza galdu, eta ahaleginen bat egingo dugula datorren aurrekontuei begira beste talderen batekin.
Udal gobernuak aurkeztutakoari gure baietza emango diogu, gureak ez ezik, besteenak ondo iruditzen zaizkigunean gure oniritzia emateko ez dugulako inongo arazorik.
5.- 2025eko Aurrekontua exekutatzeko udal arauaren aldaketa onartzea: aurrekontu parte-hartzaileetako Berme Batzordeko kideen ordainketa arautzea.
Guretzat parte hartze honek beste parte hartzeekin duen ezberdintasuna da parte hartzen dutenek beren interesekoak ez diren hainbat gaitan lanean jarduteko hautua egin dutela. Ez da beraien kezketatik abiatutako lanketa bat; zozketa baten ondoren izan dira hautatuak, eta horregatik, iruditzen zaigu bidezkoa dela ordainketa egitea.
6. Azkoitiko arau subsidiarioetako 26 HE Oinartxo Esparruaren Plan Partzialaren 4. aldaketaren behin betiko onespena.
Aldaketa hau Graphenea enpresak eremu horretan beren enpresa jartzeko nahia agertu zuelako goaz egitera, eta udalean ez digu inork esan gure herritarrentzat arrisku berezirik izango duenik.
Aldaketaren helburua, Plan Partzialean hasiera batean aurreikusitako industria-erabilerak 4. kategoriako industria motetara zabaltzea litzateke, jarduera bereziak dira halakoak, arriskutsuak, kaltegarriak edo osasungaitzak direlako. Azalpen hori Eusko Jaurlaritzako txostenean agertzen diren azalpen bat besterik ez da, baina irakurri ondoren errespetua sartzen dutenak. Bestalde, nahikoa justifikatuta dagoela eta neurri asko hartu beharko direla ere adierazi dute udaletxera igorritako txostenean.
Ingurumen adierazpen estrategikoari oniritzia eman dio Jaurlaritzak, eta txostena irakurri ondoren, guk ez diogu aparteko eragozpenik ikusi. Hartu behar diren neurri denak hartuko direlakoan, gure oniritzia emango diogu.
Honako lotura honetan dago irakurgai Graphenea enpresak ingurumen bamena lortu ostean, Gukak argitaratu zuen albistea.
7. Azkoitiko Klimaren eta Energia iraunkorraren aldeko plana behin betiko onartzea.
Legearen arabera, 2030. urterako BEG (Berotasun Efektuko Gasen) emisioak %45 jaitsi beharko genituzke, 2005 urtearekiko. Urte horretarako, hau da, 2030. urterako udalaren energia kontsumoa %35, eta 2050. urterako %60 murriztea tokatzen zaigu, 2018. urtearekiko.
Azken egunetan komunikabideetan entzuten ari gara Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industriak 6.000 megawatt gehiagoren beharren duela; bide batez, bi alderdi politiko bozkatuenak harro azaldu zaizkigu balentria hori lortu izanaz. Guri asko ari zaigu kostatzen energia garbiek energia fosilen tokia hartuko dutela. Planak plan, ez dugu ikusten kontsumo jaitsiera inondik inora; alderantziz, gehiagoren beharrean gaudela saltzen digute une oro. Ez dugu entzun inor esaten sarean sartuko diren megawatt horiek energia fosilen kontsumoa jaitsi behar luketenik.
Gure herrian ere plan bat osatu dugu. Guk geuk ere ekarpenak egiteko tartea izan dugu, eta gure oniritzia emango diogu. Plana ondo dagoela iruditzen zaigu. Asmo handikoa da, baina udal bilkura honetan gauden denok dakigu planean jarri ditugun ekintzak egiteko ez dugula gaur egun nahiko baliabide udalean. Beraz, planak plan, idatzitako ekintzak burutzeko balio ez badu, ez goaz bide onetik.
8. 2024 urteko plan finantzarioaren emaitzen urteko txosten laburtuaren berri ematea.
9. 2025 ekitaldiari dagokion kontrol finantzarioko urteko planaren berri ematea.
10. Aurrekontuari buruzko informazioa.
11. Galde-erreguak.
Azken Antolakuntza batzordean galdetu genizuen, baina oraindik herritarrak ari zaizkigu etortzen udaletik bideratutako inkesta bat egiten ari direla esanez. Argi utzi zeniguten udaletik inkestarik ez dela bideratu, baina udalbatzarraren berria herritar guztiei iristen zaiela jakinik, berriro ere kontu hau argitzea nahiko genuke. EH Bilduk, PSE-EEk eta guk argitu genuen Antolakuntza batzordean inkestak egiteko inor ez dugula kontratatu. Udal gobernu honek jakin eta nahiko balu, hobe luke inkesta nondik bultzatu den esango balu.
Alkatearen erantzuna: "Batzordean eman nizuen erantzun berdina emango dizuet: ez da udaletik bideratutakoa, eta hemen ez dut gehiago esan beharrik".