Azkoitiko Oinartxo industrialdean kokatuko den Graphenea enpresa teknologikoak Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren ingurumen baimena eskuratu du. Gaur kaleratu dute horren berri ematen duen dokumentua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta modu horretara, enpresak grafeno oxidoa ekoitzi ahal izango du Azkoitiko instalazioetan.
Spri Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak duela bi urte jakinarazi zuen Graphenea enpresa Azkoitira lekualdatuko zela, Oinartxo industrialean 2.260 metro koadroko lau lokal erosi ondoren. Gaur kaleratu den agiriak, berriz, zehazten du 2.284 metro koadroko azalera hartuko duela enpresak, honako lau lurzatitan banatuta: 115. zenbakian 738 metro koadro hartuko ditu; 116 zenbakian, 367,50 metro koadro; 117an, 392 metro koadro; 142an, 787,20 metro koadro.
Graphenearen jarduera grafeno oxidoa ekoiztean oinarritzen da, eta horixe egingo du Azkoitiko lantegian ere, "kalitate handiko formatuan eta industria eskalan". Ondoren, ur-dispertsio moduan merkaturatzen du hark karbono atomoz osatzen den materiala. Eusko Jaurlaritzaren arabera, enpresak gehienez hogei tona grafeno oxido gordin ekoizteko ahalmena izango du, eta ur desmineralizatuan merkaturatuko da.
Grapheneak grafito hautsa erabiltzen du nagusiki bere azpiegituretan, eta horrez gain, honako lehengai hauekin egiten du lan: azido sulfurikoa, potasio permanganatoa eta hidrogeno-peroxidoa. Bestalde, Azkoitiko instalazioetan egingo dituzte prozesuari dagozkion ekoizpena, arazketa, dispertsioa eta kalitate kontrola.
%98 esportatu
Graphenea Azkoitira lekualdatzeko berri eman zenean, produkzioko, logistikako, biltegiko eta zerbitzuetako gune bana izango zuela jakinarazi zuen enpresak, eta azaldu zuen instalazio berriarekin hogei bider handituko duela orduko produkzio gaitasuna. Hori horrela, enpresak aurreikusi zuen 29 lanpostuko lantaldea izan dezakeela Azkoitian.
Orduko datuen arabera, Gipuzkoako enpresa horrek bere ekoizpen osoaren %98 esportatu egiten du, eta gainera, berak ekoizten du mundu mailan fabrikatzen den grafeno guztiaren %40a, batez ere, industriaren merkaturako.