Gizartearen zahartzea

Zahartzen ari gara

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Izagirre 2022ko api. 26a, 18:00

Anartz Izagirre kazetariak eta GUKA gehigarriko eskualdeko demografiari buruzko erreportajearen egileak idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Azaroan jakin genuen Azpeitian adinekoentzako eta mendekotasuna duten herritarrentzako egoitza berria egingo dutela, behinola eskola bat izan zen eta egun Juan Antxieta musika eskola eta Udal Euskaltegia dauden esparruan. Zeharo metaforikoa iruditu zitzaidan aldaketa. Dozenaka umeren eta gaztetxoren hezileku izan diren eraikinen lekuan, helduen zaintzarako gunea egongo da laster. Zergatik? Beharra dagoelako.

Ez da gauza berria biztanleria zahartzen ari dela, eta Urola Kosta ere ez da salbuespena adin piramidearen itxuraldaketa horretan. Baby boom garaiko umeek urdinduta dituzte dagoeneko buruko ileak, eta guraso izateko adinean dauden gazteek ez dituzte haurrak izateko beharrezkoak diren lan baldintza duinak eta kontziliaziorako aukerak. Eta gizartea aldatzen doan heinean, aldatu egin da amatasunaren eta aitatasunaren inguruko kontzeptua ere.

Deigarria egin zitzaidan Marta Luxan soziologoak aipatu zidan kontzeptu bat: iraultza erreproduktiboa. Bizi itxaropena goraka doa, eta egun jaiotzen diren haurrek beren arbasoek baino bizitza luzeagoa izango dute oro har. Horrek dakarrena da, besteak beste, jaiotza tasa altua izatea ez dela lehen bezain beharrezkoa populazioa mantentzeko. Eta horrek, nola ez, errotiko aldaketa politikoak, ekonomikoak eta sozialak dakartza gizartean.

Nire galdera da: kontziente ote gara biztanleriaren zahartzeak ekar dezakeenaz? Edozein gai mahaigainera ateratzen dugunean gazteak jartzen ditugu jomugan, horiek direlako, askoren esanetan, "etorkizuneko herritarrak". Zenbat aldiz entzun ote ditugu herriko eragileen edo instituzioen agerraldietan "gazteak dira etorkizuna", "gazteek ez dute parte hartzen" edo halako esaldiak. Zalantza daukat ez ote garen ari gazteei, hau da, gure gizartearen zati txiki bati, gehiegizko gainkarga ezartzen, eta, era berean, gizartearen zati handi bilakatzen ari den helduekin ahazten.

1990eko hamarkadan jaio nintzen, eta 30 urte beteak ez dituen azken millennial horien zakuan sartzen naiz neu ere. Lagun artean sarritan esan ohi ditugu "zahartzen ari gara, e" eta antzerakoak; urtebetze festetan dagoeneko ez ditugu gure urteak txaloka kontatzen, garai batean ikastolan egiten genuen lez. Zahartzen ari gara, bai, baina gizarte honetan gaztetzen ari den norbait baldin badago, azal diezagula zein den sekretua.

"Etorkizuneko herritar" moduan iruditzen zait pentsatu egin beharko genukeela zer-nolako politikak sortu nahi ditugun egungo erronkei aurre egiteko. Edo agian kontzeptua bera da aldatu behar duguna. Etorkizuneko herritarrengan nahiz etor daitezkeen jaioberrien kopuru hain desiragarri-bezain-utopikoetan ezarri beharrean begirada, orainaldiko herritarren beharrak asetzen xahutu beharko genuke indarra, 0 urtetik ehundaka urte dituzten herritarrengan, alegia. Tempus fugit; denbora ihesi doa, eta ordulariak gurpildun aulki itxura du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide