Azaroaren 25a

Emanaldia, hitzaldia eta mobilizazioa, Itaiak eta AGAk Azaroaren 25aren bueltan antolatu duten egitarauaren barruan

Andoni Elduaien

Hainbat lagun, Itaiaren iazko mobilizazioan. (Andoni Elduaien)

Emanaldi eta hitzaldi bana antolatu dituzte Urola Erdiko Itaiak eta AGAk aste honetarako. Azaroaren 25ean, berriz, mobilizaziorako deia egin dute. 'Indarkeria matxistaren aurka borrokatu' lelopean egingo dute protesta. 

Urola Erdiko Itaiak eta Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) prest dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bueltako egitaraua. Guztira, hiru hitzordu antolatu dituzte datozen bi asteetarako, eta bihar, asteartea zabalduko dute egitaraua. 

Bihar, 18:30ean, La Manada erreportajea emango dute Kultur Etxean. La Manada kasua 2016ko uztailaren 7an Iruñeko sanferminetan jazotako talde bortxaketa baten ostean piztu zen, eta mugarria izan zen mugimendu feministan eta legedian. Erreportaje horrek gertaeren kronologia, prozesu judiziala eta kasuak utzitako ondorio nagusiak biltzen ditu. Datorren ostiralean, berriz, Miren Ibarguren psikologoak presio estetikoari buruzko hitzaldia eskainiko du Elkarguneko Oteiza aretoan (18:00). Presio estetikoak sortzen dituen eraginei buruz hausnartuko dute hitzordu horretan. 

Azaroaren 25an, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, mobilizazioa egingo dute. Herriko plazatik abiatuta, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean egingo dute protesta (19:00). 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide