Aurten ere ehunka jarraitzaile bildu ditu K1 jaialdiak

Ane Olaizola

Uga X Games jaialdiak hartu zuen bigarrenez atzo Gurea pilotalekua, eta harmailetan elkartu ziren 800 lagunek K-1 modalitateko bederatzi borrokaldiz gozatzeko aukera izan zuten. Lehenengoz, emakumeen arteko borrokaldiak izan ziren, eta Onintza Kerejeta azpeitiarrak eta Maialen Urkia azkoitiarrak debuta egin zuten. 

Borroka kirolen Uga X Games jaialdiak hartu zuen atzo arratsaldean Gurea pilotalekua, eta iaz estreinakoz bezala, ehunka zale elkartu ziren atzo ere hango harmailetan. Antolatzaileen arabera, 800 lagun joan ziren jaialdira, eta horiek K-1 modalitateko bederatzi borrokaldiz gozatu ahal izan zuten. Horien guztien berotasuna jaso zuten ringera igo ziren kirolariek, eta batez ere Azkoitiko eta Azpeitiko borrokalariak gogotsu animatu zituzten zaleek. 

Aurrenekoz, emakumeen arteko borrokaldiak ere izan ziren atzoko jaialdian, eta Durangoko (Bizkaia) Durango Fight Factory taldean diharduten Onintza Kerejeta azpeitiarrak eta Maialen Urkia azkoitiarrak, gainera, debuta egin zuten. Urkiak Maialen Ladoren aurka neurtu zituen indarrak, eta Kerejetak Amina Gourmaren aurka. Harmailetatik harrera beroa jaso zuten biek ala biek, baina lan txukuna eginagatik, ihes egin zien garaipenak. Dena den, borrokaldien amaieran pozik agertu ziren bi borrokalariak ringean, eta esker mezuak izan zituzten gertukoentzat. 

Kerejetaren eta Urkiaren borrokaldiez gain, gizonen beste zazpi borrokaldi ere izan ziren atzo, eta Durango Fight Factory taldeko sei kide hauek ere izan ziren ringaren gainean: Iosu Conde azkoitiarra; Aimar Azpiazu, Unai Monasterio eta Aner Aranguren azpeitiarrak; Ekaitz Cuenca Eka mendaroarra (Gipuzkoa); eta Egoitz Rios elgoibartarra (Gipuzkoa). Condek Yeray Guzmanekin neurtu zituen indarrak 61 kiloko deman; Azpiazuk Yulian Asprilliarekin, 58 kilokoan; Monasteriok Abdel Mottalibekin, 61 kilokoan; Arangurenek Xabi Nogalesekin, 81 kilokoan; Cuencak Alvaro Ramosekin, 78 kilokoan; eta Riosek Iñaki Quintasekin, 75 kilokoan. Horien gain, Xabier Mikelarena Xegone beasaindarra (Gipuzkoa) eta Daniel Mendoza amorebietarra (Bizkaia) aritu ziren profesionalen 73 kiloko borrokaldian.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide