Bigarren urtez jarraian, borroka kirolen Uga X Games jaialdia egingo dute etzi Azkoitiko Gurea frontoian. Uga kirol zentroak antolatuta, K-1 modalitateko bederatzi borrokaldi ikusteko aukera izango da (17:30). Borrokaldietako bat profesionalen artekoa izango da, eta beste zortziak, mundu horretan ibilbide laburragoa dutenen artekoak. Gainera, aurrenekoz, emakumeen arteko borrokaldiak ere izango dira pilotalekuan: Durangoko (Bizkaia) Durango Fight Factory taldean diharduten Onintza Kerejeta (Azpeitia, 1999) eta Maialen Urkia (Azkoitia, 2005) Gureako ringaren gainean izango dira.
Gainera, azpeitiarrak eta azkoitiarrak debuta egingo dute etzi, eta egunez egun ari dira sumatzen tentsioa areagotzen ari zaiela. "Zapatuko hitzorduaren atarian, urduritasuna areagotzen ari zait. Nahiz eta hilabeteak daramatzagun prestatzen, azken txanpa honetan gehiago nabaritzen da datorrena zer den", esan du Kerejetak. Urkia ere "nahiko urduri" dabil azken aste honetan: "Sumatzen dut borrokaldiaren eguna gero eta gertuago dugula". Nolanahi ere, bi borrokalariak beren lana behar bezala eginda iritsiko dira zapatuko hitzordura; gogor prestatu dira, eta prestaketa prozesuak emandako aleak gogoan hartuta ekingo diote lehiari.
Zapatuko hitzordua berria izango da bientzat. Kerejetak adierazi du jaialdiko kartelerako baiezkoa "inprobisatua" izan zela bere kasuan. "Utzi samartuta nuen borrokaldien kontua, baina gimnasiora etorri nintzen egun batean, antolatzaile batek galdetu zidan borrokaldi batean parte hartzeko prest al nengoen. Ezezkoa ematerik ez nuen nahi, gimnasio honek guretzat suposatzen duenagatik, eta azkenean, baiezkoa eman nien. Ez naiz batere damutzen baiezkoa eman izanaz". Urkiak, bestalde, ez zuen uste debuta aurten egingo zuenik; izan ere, urtebete eskas da K-1 kirolari heldu ziola, eta hilabete batzuk baino ez kontua serioago hartu zuenetik. Horrela azaldu du azkoitiarrak orain arte egindako ibilbidea: "Durangon hasi nintzen kontua serio hartzen, aurtengo maiatza eta ekaina artean. Entrenatzaileak galdetu zidan debuta Azkoitian egitea nahi al nuen. Neuk ere ez dakit nola, baina baiezkoa eman nion".
Onintza Kerejeta: "Neurean zentratzen saiatuko naiz; neure jokoa egitera joango naiz Gureara"
Azkoitiko borroka jaialdiak emakumeen demei bidea zabalduko die aurten; izan ere, jaialdia iragartzeko kaleratutako kartelean aurrenekoz ageri dira emakumeen izenak. Indarrera bideratuta dauden kirol guztietan bezala, Kerejetak dio "emakumeak gutxiengoa" direla K-1ean ere. "Gero eta emakume gehiago gara, eta hori sustatzera edo espazio seguru bat eskaintzera bideratuta dauden gimnasioak ere badaude, baina eskualdeko panoraman ere islatzen da emakumeen gutxiengoa. Oraindik lan asko dago egiteko zentzu horretan; badago emakumeen arloa sustatzeko beharra". Azkoitiarrak bat egin du azpeitiarraren esanekin, eta kopuru zehatzagoetara jo du hark, Durangoko gimnasioan "lau bat neska" direla adierazita. "Segituan ohartu ginen K-1aren moduko kiroletan ez dela horrenbeste neska ikusten entrenatzen. K-1ean ibiltzen diren nire lagun gehienak mutilak dira. Batzuetan, atzerakada ere ematen du gimnasio batera joan eta horrenbeste gizon ikusteak".
Beraiena egitera
Kerejetak eta Urkiak badakite zapatuan ringean zein aurkari izango dituzten parez pare. Kerejetak 58 kilokoen borrokaldian parte hartuko du, eta Eibarko (Gipuzkoa) Sakura taldeko Amina Gourmat izango du aurrean. Urkia, berriz, 59 kilokoen borrokaldian lehiatuko da, Eibarko Maialen Ladoren aurka. Hala eta guztiz ere, aurkariari eta haren mailari erreparatzea baino nahiago dute biek beren maila erakustea; horretan ez dute zalantza izpirik egin. Kerejetak dio Gourmat debuta eginda dagoela dagoeneko, eta uste du alde horretatik aurkaria bera baino "lasaiago" joango dela. "Ni neurean zentratzen saiatuko naiz, neure jokoa egitera joango naiz Gureara. Ikusi dut aurkariaren bideoren bat edo beste, badakit zein den haren jokamoldea, eta azken entrenamenduak horretara ari naiz bideratzen". Urkia ere ez dago aurkariak zer egingo duen pentsatzeko. "Apur bat erreparatu diot berak izan dezakeen estrategiari, baina ez gehiegi. Nik neurea egingo dut; irabaztera aterako naiz".
Maialen Urkia: "Sumatzen dut borrokaldiaren eguna gero eta gertuago dugula"
Iaz Gurea frontoia goraino bete zen borroka jaialdia ikusteko, eta aurten ere iaz bizitakoa errepikatzeko deia egin diete Kerejetak eta Urkiak zaleei. "Egundoko giroa sortu zen, eta gozamena izan behar du hori bizitzeak", adierazi du azpeitiarrak. Azkoitiarrak, berriz, "buila lasai" egiteko esan die jarraitzaileei: "Gu eta debuta egingo dutenak animatzeko esango nieke frontoira joango direnei".
Borroka gehiago ere bai
Kerejetak eta Urkiak jokatuko dituzten borrokaldiez gain, beste zazpi izango dira zapatuan Gurean. Profesionalen mailako borrokan Aitor Andreu azkoitiarra zen berez aritzekoa, baina duela egun batzuk izan duen lesio bat tarteko, ezin izango du jaialdian parte hartu. Hori hala, Xabier Mikelarena Xegone beasaindarra (Gipuzkoa) eta Daniel Mendoza amorebietarra (Bizkaia) arituko dira profesionalen 73 kiloko borrokaldian.
Hasiberrien mailako borrokaldiek osatuko dute zapatuko kartela. Durango Fight Factory taldeko sei kide hauek izango dira ringaren gainean: Iosu Conde azkoitiarra; Aimar Azpiazu, Unai Monasterio eta Aner Aranguren azpeitiarrak; Ekaitz Cuenca Eka mendaroarra (Gipuzkoa); eta Egoitz Rios elgoibartarra (Gipuzkoa). Condek Yeray Guzmanekin neurtuko ditu indarrak 61 kiloko deman; Azpiazuk Yulian Asprilliarekin, 58 kilokoan; Monasteriok Abdel Mottalibekin, 61 kilokoan; Arangurenek Xabi Nogalesekin, 81 kilokoan; Cuencak Alvaro Ramosekin, 78 kilokoan; eta Riosek Iñaki Quintasekin, 75 kilokoan.
Sarrerak, salgai
Jaialdirako sarrerak salgai daude Uga kirol zentroan eta Entradium atarian. Aldez aurretik erosten dutenek 20 euro ordaindu beharko dute sarrera, eta etzi Gureako leihatilan erosten dutenek, 30 euro.