Azkoitiak hitzordu historikoa zuen gaur arratsaldean Txerloian, Alavesen aurka Espainiako Errege Kopako kanporaketa jokatzekoa baitzen 19:00etan. Dena dela, orain gutxi jakinarazi dute gaurko jardunaldia bertan behera gelditu dela. Izan ere, Tenerife futbol taldeko Jesus de Miguel jokalaria zendu da atzo Espainiako Bigarren Mailako Tenerife-Andorra partidan hartutako kolpe baten ondorioz. Hori hala, gaurko neurketak ez jokatzea erabaki du Espainiako Futbol Federazioak. Bigarren aldiz atzeratu dute Anaitasuna jokatzekoa zen neurketa, joan den astean Toledoko (Espainia) tren istripuagatik atzeratu baitzuten Espainiako Errege Kopako lehen kanporaketa.
Tenerifeko Jesus de Miguelek atzo hartu zuen kolpea, eta gaur, asteartea, zendu da. Espainiako Futbol Federazioak "elkartasuna eta errespetua" adierazi nahi izan ditu gertaeraren aurrean, eta gaur jokatzekoak ziren neurketak bertan behera utzi ditu, tartean, Espainiako Errege Kopakoak. Aurrerago jakinaraziko du erakunde horrek zein egunetan jokatuko diren gaur atzeratu dituzten neurketa horiek, baita Anaitasunaren eta Alavesen artekoa ere.
Momentu zail hauetan, "kariñoa eta babesa" adierazi dizkio federazioak Jesus de Miguelen gertukoei, lagunei eta senitartekoei, baita Tenerifeko talde osoari eta afizioari ere. Anaitasunak ere bat egin du federazioarekin, eta "doluminik sentituenak" helarazi dizkie hildakoaren senideei eta gertukoei, baita Tenerife klubari, hango taldekideei eta zaleei ere. "Une gogor hauetan, gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu", esan du herriko futbol taldeak.