Bertan behera utzi dute Errege Kopako gaurko partida, Toledoko tren istripuaren eraginez

Andoni Elduaien

Txerloia futbol zelaia. (Andoni Elduaien)

Gaur goizean Toledon (Espainia) izan den tren istripuaren ondorioz hartu du Espainiako Futbol Federazioak Errege Kopako lehen kanporaketako gaurko partidak ez jokatzeko erabakia. 

Espainiako Futbol Federazioak Errege Kopako lehen kanporaketari dagozkion gaurko partida guztiak bertan behera uzteko erabakia hartu du, goizeko lehen orduan Toledon (Espainia) izan den tren istripuaren ondorioz. Hori hala, Anaitasunak eta Alavesek gaur Txerloian jokatu behar zuten partida atzeratu egingo dute.

Federazioak treneko lineen mozketaren dimentsioa zein den ikusita hartu du erabakia; izan ere, adierazi du tragedia horrek hainbat talderi eragiten diola. Trenen arteko talkaren ondorioz, Madril eta Andaluzia arteko tren bidezko konexioak eten egin dituzte, eta horrek eragina izan du hainbat talderen eta horien zaleen bidaietan. Tren istripu tragikoaren biktima guztiei "errespetua eta elkartasuna" adierazteko hartu du erabakia federazioak.

Espainiako Futbol Federazioak adierazi du datozen egunetan jakinaraziko dutela gaur bertan behera utzi dituzten Errege Kopako partidak noiz jokatuko diren.

Sarrerak, bere horretan

Anaitasunak jakinarazi du Alavesen aurkako neurketarako sarrerek beren balioa mantenduko dutela etorkizunean ere, eta horrenbestez, gaurko banatutako sarrerak erabili beharko dituztela jarraitzaileek ziurrenik datorren astean jokatuko duten partidarako. 

Nolanahi ere, Espainiako Futbol Federazioak data berria zehazten duenean sarrera erosita duen jarraitzaileren batek ezingo balu partida ikustera joan, sarrera itzultzeko aukera izango du, hura ordaindutako prezio berean. Anaitasunak barkamena eskatu die bere zaleei, egoera horrek sortu dituen eragozpenengatik, eta bide batez, "doluminik sentituenak" helarazi dizkie hildakoen senideei eta gertukoei, eta "babesa" zaurituei eta kaltetutakoei.

Erlazionatuak

Ametsa, bigarrenean ere amets

Andoni Elduaien-Aitziber Arzallus-Maialen Etxaniz urr 27, 08:40 Kirola

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide