Errigoraren dokumentalaren aurkezpenarekin amaitu dute Euskola zikloa

Ane Olaizola

Errigoraren dokumentalaren proiekzioa, atzo. (Maxixatzen)

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskola zikloa itxi zuen Errigorako kide Peru Aranburuk. Sustraietatik espaziora dokumentala eskaini zuten aurrena, eta solasaldirako tartearekin amaitu zuten saioa. 

Errigoraren proiektuari eskaini dio Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Euskola zikloaren azken saioa. Atzo, asteazkena, amaitu zen hitzaldi zikloa, azken asteetan euskararen hertz ugari jorratu ostean, eta Errigorako kide Peru Aranburu arduratu zen aurtengo egitaraua ixteaz. 

Ohiko moduan, Elkarguneko Oteiza aretoan bildu ziren Euskolaren azken saiora joan zirenak, eta Errigorak egin berri duen Sustraietatik espaziora dokumentala ikusteko aukera izan zuten horiek. Aranburuk ikus-entzunezko lan hori aurkeztu zuen, eta ondoren, solasaldira tartea hartu zuten parte hartzaile guztiek. Errigorak laster jarriko du ikusgai dokumentala herritar ororentzat.

Hain zuzen, Errigorak dagoeneko hasi du udazkeneko kanpaina, eta herritarrek azaroaren 12a baino lehen eska dezakete saski beltza, berdea edota gorria, errigora.eus atarian. Ondoren, Maxixatzen elkarteak banatuko ditu saskiak Berdura Plazako lokal batean: abenduaren 2an, asteazkenez, 17:00etatik 19:00etara artean, eta abenduaren 4an, 11:00etatik 13:00etara artean.

Euskolaren azken saioan elkartu zirenak, solasaldian. (Maxixatzen)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide