Nafarroako Ager eremuan euskara errotzeko eta indartzeko asmoz, Errigorak 2026ko udazkeneko Euskarari puzka kanpaina aurkeztu du. Proiektuak Nafarroa erdiko eta hegoaldeko euskalgintzari babesa ematea eta elkartasuna adieraztea ditu helburu nagusi, auzolanaren bidez. Proiektuak eremu horretako haurren hezkuntzan, helduen euskalduntzean zein herrietako eguneroko bizitzan euskarak lekua irabazten jarrai dezan laguntzen du.
Errigoraren ibilbidea 2013an abiatu zen, Nafarroako hainbat gunetan euskalgintzak bizi zuen egoera larriari erantzuna emateko helburuarekin. Ordutik, egitasmoak euskara, lurra eta auzolana lotzen dituen sare erraldoia ehundu du. Aurten ere, Auzolanean euskara sustraitik espaziora! lelopean, ausardiaz amesten jarraitzeko deia egin dute antolatzaileek.
Kanpainaren barruan, hiru saski mota eskainiko dituzte: saski beltza (60 euro), saski berdea (ekoizpen ekologikoa, 65 euro) eta saski gorria (75 euro). Saski bakoitzak Nafarroa hegoaldeko produktu desberdinak biltzen ditu, hala nola olioa, piperrak, zainzuriak, ardoa, gazta eta gozoak. Gainera, gehigarri gisa, landa daitezkeen orriekin osatutako egutegi berezi bat eskura daiteke 10 euroren truke; horietatik 5 euro Lodosako Ibaialde ikastolari bideratuko dizkiote, "Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza sailaren erabakien ondorioz bizi duen egoera ekonomiko zailari aurre egiten laguntzeko".
Eskaerak egin daitezke
Eskaerak egiteko epea azaroaren 12ra arte egongo da zabalik. Eskaera horiek errigora.eus webgunearen bidez egin daitezke, edo herrietako arduradunei eskuorria beteta emanez. Eskatutako produktuak azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran jasoko dituzte herritarrek, bakoitzak bere udalerrian zehaztutako lekuan. Era berean, Errigoraren kanpainaren barruan, Sustraitik espaziora dokumentala ikusgai izango da Euskal Herriko hamarnaka herritan eta auzotan.
Saskiak jasotzeko
Azkoitia. Abenduaren 2an, 17:00etatik 19:00etara; eta 4an, 11:00etatik 13:00etara. Lokala zehaztu gabe dute.